“60 proposamen Gobernu progresista eta erreformistarako”
Euskal Sozialisten idazkari nagusiak aldaketaren indarren “arduraz" aritu da, eta arratsaldean Pedro Sanchezen alde egin dezatela eskatu du, Gobernuko presidente izan dadin eta Mariano Rajoy boterean jarrai ez dezan
Mendiak EAJ kritikatu du ez duelako Pedro Sanchezen aukeraren alde egin, eta “Rajoy 2016an gobernuan jarrai dezan” uzteagatik, euskal gizartearen interesei kalte egiten baitie
Euskal Sozialisten agintariak, Idoia Mendiak, Espainian aldaketa politikoa nahi duten indar politikoei elkarrekin ulertzeko eskatu die, Mariano Rajoy 2016an gobernuan jarrai dezan galarazteko. “Ezingo da aldaketarik lortu indarren arteko zeharkako akordioa lortzen ez bada helburu komun batekin: politikak herritarren onurarako aldatzea”, azaldu du Bilbon liburuxkak banatu dituenean
Idoia Mendiak, Bizkaiko militante eta alderdiko arduradunekin batera, PSOEk eta Ciudadanosek adostutako neurri nagusiak laburtuta jasotzen duen liburuxka banatu du. Espainian aldaketa politiko nahi duten alderdiek ez lukete akordio hori errefusatu beharko. “60 proposamen Gobernu progresista eta erreformistarako" agiriak herritarrei zenbait neurri azaltzen die, eta arratsaldean Pedro Sanchez presidente izatea galaraziko dutenek neurri horien aurka bozkatuko dute.
Horrez gain, Mendiak esan du zenbait alderdi Sanchezen inbestiduraren aurka bozkatzen badute, esaterako Podemos edo IU, azaldu beharko dutela “zergatik jartzen diren PPren menpe, lehen Anguita eta Aznar egin zuten bezala”. “Beste batzuk dira alderdiaren interesei eta nahiei lehentasuna ematen dietena", deitoratu du.
Mendiak ohartarazi du EAJren “ezetza” estrategikoa dela eta euskal herritarren interesen aurkakoa dela. Hori dela eta, esan du jeltzaleek ez badute jarrera hori zuzentzen herritarrei azaldu beharko dietela “zergatik uzten dioten Mariano Rajoyri gobernuan gelditzen zenbait hilabetez”.
Horrez gain, alderdi batzuen “itxitura” ere kritikatu du; izan ere, herritarren interesen gainetik “etengabeko estrategia” mantentzen dute eta, horregatik, “arratsaldeko emaitza orain dela 48 ordukoa izango da”, esan du inbestidura-saioaren bigarren bozketaren inguruan.