Ares: “Sozialisten proposamenek osotasun bat egiten dute, ezin zaio bati ekin gainontzekoak kontuan hartu gabe”
Euskal Sozialisten ustez, Lehendakariaren egonkortasun-akordioak lortzeko eskaintzak argi utzi du bere politikaren "porrota" eta “ez dela gai” herria zuzentzeko.
“Legegintzaldiko lau hilabete hauetan argi gelditu da Gobernu txarra dugula eta Lehendakariak ez duela herria zuzentzeko gaitasunik” Horixe da Euskal Sozialistek ateratako ondorioa Urkullu Lehendakaiak atzo egindako azken egonkortasun-eskaintza entzun ondoren; eskaintza hori "orokortzat" jo dute eta gutxiengoarekin gobernatzeko erabakiaren zuzenketa dela diote. PSE-EEko Organizazioko eta Koordinazioko idazkariak, Rodolfo Aresek, esan du Euskal Sozialistak herriaren onurarako akordioak lortzeko prest daudela, baina euren proposamenek “osotasun bat egiten dutela eta ezin zaiola bati ekin gainontzekoak kontuan eduki gabe”.
Prentsa agerraldi batean —agerraldi horretan Euskal Sozialisten bozeramaile Idoia Mendiak ere parte hartu du—, Aresek, asteburuan nazionalisten agintariek esandakoa entzun ondoren, EAJri eskatu dio “Sozialistak errespetatzen ikas dezala eta ahalik eta lasterren onartu behar duela Sozialistak ez direla EAJri onik ateratzen laguntzeko modu bat, haien aukera bat baizik". Gainera, ondokoa erantsi du: "ez da onargarria esku batekin akordioak eskatzea eta bestearekin etengabe deskalifikatzea, norekin eta ustez akordioak egin nahi dituzten horiei erasoz”.
Rodolfo Aresek berriz esan du Euskal Sozialistek jarraitzen dutela akordio handien politikarekin:
* Euskal ekonomiari eta enpleguaren sorrerari laguntzeko plan bat sustatzeko akordioa.
* Zerbitzu Publikoekin jarraitzeari buruzko akordio estrategiko bat, batez ere Osasunarekin, Hezkuntzarekin eta Gizarte Politikekin jarraitzekoa.
* Herri Administrazioen erakunde-erreformarako akordio bat, bikoiztasunekin amaitzeko eta efizientzia handitzeko helburuarekin.
* Zerga erreforma sakonari buruzko akordioa, zerga sistema bidezkoago eta zuzenagoa lortzeko helburuarekin, eta Eusko Legebiltzarrean erabaki beharko genuke zer zerga ordainduko ditugun euskal herritar guztiok.
- Baterako zerga ikuskaritzako planak hiru Foru Ogasunetarako; helburua, zerga iruzurrari tinko aurre egitea da. Datu-baseen arteko informatika-lotura iruzurtzaileei abantailarik ez emateko.
- Laburbilduz, denek ordain dezaten eta dutenaren arabera ordain dezaten.
Horiexek dira Sozialistek proposatutako itunak, eta Aresek espero du gobernu nazionalistak “aukera hori gain hartuko duela eta elkarrekin horiei ekingo dietela, ezin baitira asmo oneko aitorpen hutsetan gelditu”. Euskal Sozialistek, egindakoa zuzen dezaten eta murrizketen politikaren aurrean beste aukera batzuk badirela onar dezaten espero dute. “Badira aukera batzuk bikoiztasunak saihesteko eta Herri Administrazio efizienteago eta lehiakorragoak lortzeko erakunde-sarea berritzea proposatzen denean. Badira aukerak ekonomia saritzeko, enpresei laguntzeko eta enplegua sortzeko baliabideak edukitzeko politikak proposatzen direnean. Badira aukerak oinarrizko zerbitzu publikoekin, osasuna, hezkuntza eta gizarte zerbitzuekin, jarraitzeko akordioak proposatzen direnean. Badira aukerak, baina arazoa ondokoa da: EAJk lau urtez ez dituela Sozialistek proposatutako erreformen eta aldaketen alde egin", esan du.
Amaitzeko, Aresek kritikatu egin du nazionalistek erakunde-ardura neurtzeko makila bi dituztela “leku bakoitzean nork gobernatzen duen kontuan izanik”. “Gipuzkoan EH-Bilduk aurkeztutako aurrekontuak direla-eta, EAJk abstentzioa bozka dezake edo onartzen lagun diezaiokete, baina Sozialistek horixe egiten badugu “EAJren aurka ari gara”, esan du adibide gisa.