Aresek dio Urkijo kargutik kendu izanak "islatu duela ez dela politika egokia egin terrorismoaren zikloa ixteko"

Euskal Sozialisten Antolakuntzako idazkariak, Rodolfo Aresek, deitoratu du Txema Urkiko kargutik kendu izana, eta esan du aholkularia “Eusko Jaurlaritzaren eta terrorismoaren biktimen arteko azken kate-maila zela”; hortaz, Jaurlaritzak “ez du talde horrentzat erreferentziarik utzi, harengana jo dezaten”.
“Lehendakariak hautsi egin ditu biktimekiko, indar politikoekiko eta Espainiako gobernuarekiko konfiantza-loturak, Maixabel Lasak hainbat urtez sortutakoak, hain zuzen”, deitoratu du.
Aresen iritziz, Lehendakariak erabakia hartzeko azaldu duenak "argi utzi du Urkullu jaunak erabaki duela Patxi Lopez lehendakariaren etapan, eta baita Ibarretxerenean ere, egindako lana alde batera uztea, terrorismoaren biktimen bete beharreko funtzioa zein den ulertzen hasi zenean”.
“Txema Urkijo kargutik kenduz —esan du Rodolfo Aresek— Urkullu lehendakariak ez du ezadostasun pertsonalarekin amaitu. Erabaki politikoa hartu du. Bide bat aukeratu du, Jonan Fernándezena, Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Planean jasotakoa. Gure ustez, plan hori guztiz okerra da".
“Plan horrek —azaldu du—, ez du Euskadiko indar politikoek Eusko Legebiltzarrean finkatutako zoru etikoa eta demokratikoa seriotasunez gain hartu; ezta ETAren terrorismoak gizakiengan sortu duen sufrimenduari eta sistema demokratikoan egin duen kalte totalitarioari buruzko bidezko memoria ere; gainera, ez du gain hartu Zuzenbideko Estatua legitimotzat jotzeko eta, ondorioz, terrorismoa etika, sozial eta politika maila deslegitimatzeko beharra, Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa egiteko Legeak adierazten duen bezala”.
“Bide horrek, azken buruan —azpimarratu du Rodolfo Aresek—, ETAren ardurak urtzen, eta gure herrian terrorismo-ekintzen ondorioz gertatu denari buruzko memoria faltsutzen laguntzen du. Bideak, Batasunako oinordekoentzat arazorik ez sortzea, eta euren iragana garbitzen laguntzea du helburua, baina horren trukean ordaindu beharrekoa asko da: azken urteotan (eta batez ere Patxi Lopezen gobernuko urteetan), alderdi demokratikoen artean lortutako adostasunak hautsi dira”.
Hori dela eta, Aresek dio kargu uzte horrek “islatzen duela terrorismoaren zikloa ixteko politika okerra dela”, eta “Eusko Jaurlaritzak eta Jonan Fernandezek lauren arteko akordioak proposatzea badute helburu, erabaki horiek, finkatu baino, EAJ, PSE-EE eta PP arteanorain arte lortutako akordioekin, zenbait ñabardurarekin, amaituko dituzte”.
Agintari sozialistak dio Bake eta Bizikidetza Idazkaritzak ezadostasunak sortzea “logikoa" dela, baina Lehendakariak ebatzi beharko zituela. Hala ere, halako gai delikatua kudeatzeko ardura duen taldean Urkulluk ez du “gutxieneko harmonia eta bizikidetza ezartzeko gaitasunik izan”.
“Jonan Fernandezek ezin izan du bizi bi gobernurekin, eta egoera ezberdinetan bizi izan duen eta gehiengoaren onarpena duen pertsona batekin. Nola izango da bizikidetzaren buru ezin badu bizi bere taldeko kide batekin?”, galdetu dio bere buruari.
Hori dela eta, Aresek, amaitzeko, esan du “Eusko Jaurlaritzak eta Lehendakariak serio hausnartu behar dutela ondoko gaiaren inguruan: nola eramaten gaituzten Jonan Fernandezen politikak eta zein den emaitzen balantze tristea".
“Politika horiek atzera eramaten baikaituzte —esan du—, guztion artean hainbat urtez ahalegin handia eginez lortu duguna hausten dute. Terrorismoaren aurka eta askatasunen alde orain arte lortutako adostasunak apurtu dituzte. Hasiera-hasieratik desadostasun handiak sartu dituzte Euskadiko alderdi demokratiko batzuekin. Eta, bestalde, ez dute lortu gobernu zentralarekin adosteko eremurik”.
“Laburbilduz —esan du PSE-EEko Antolakuntzako idazkariak—, politika horiek ez diote herri honen batasunari lagunduko, eta batasuna behar dugu Zuzenbideko Estatuak ETA garaitu duenetik hasi dugun garai berria arrakastarako bermeekin kudeatu ahal izateko. Horregatik, Lehendakariak egokiak diren zuzenketak sartu beharko ditu, Euskadiko indar politikoekin zintzotasunez hitz egin ondoren”.