Aresek EH Bilduri gogorarazi dio ezin dela “zigorgabetasuna" onartu delitu terrorista burutu dituztenentzat
Euskal Sozialistak Taldeko legebiltzarkideak, Rodolfo Aresek, EH Bilduri gogorarazi dio Espainian "ez dagoela preso politikorik, terrorismoarengatik kondenatutako zenbait pertsona baizik", eta terrorismo-jarduerak amaitu badira ere, horrek ez duela esan nahi "justiziarekin kausaren bat betetzeke dituztenak zigorrik gabe geldituko direnik”.
Adierazi duenez, “ETAko presoak ez dira preso politikoak, ezta Zuzenbidezko Estatuaren oker bat ere. Demokraziaren eta Zuzenbidezko Estatuaren aurka armak hartzea (banaka edo taldeka) nahi izan zuten pertsonen erabakien emaitza dira. Gainera, ekintza kriminal horien bidez 850 pertsona hil dituzte Euskadin eta Espainia osoan”. Hori esan du nazioarteko erakunde batzuen ebazpenen inguruan, Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegiarenak, barne.
Aresek esan du aldarrikapen batzuen aitzakiarekin —eta aldarrikapen horiek aldezteko ez zuten bide demokratikoa erabili nahi izan— oso delitu larriak egin direla eta pertsona horiek kondenatuta daudela; kartzelan daude ehunaka hilketa burutzeko agintzeagatik edo horiek burutzeagatik, beste batzuei estortsioa eragiteagatik, atentatuak egiteagatik, terrorismo-banda bati laguntzeagatik edo justifikatzeagatik. Laburbildu duenez, “Euskadin gertatutakoa ondokoa da: pertsona batzuk espetxean daudela ETAkoak izateagatik edo delitu oso larriak egiteagatik”.
“Jarduera terrorista horrekin amaitu izanak ez du esan nahi justiziarekin kausak betetzeke dituzten ETAko kideak zigorrik gabe geldituko direnik”, nabarmendu du eta gainera ezker abertzaleari galdetu dio ea ulertzen duen “berriro hutsetik hasi behar garela”.
Hori dela-eta, azken partez ezker abertzaleak egindako zenbait adierazpen eta izandako zenbait jarrera aipatu ditu, adibidez atzo Ondarroan gertatutakoa; horiek Batasunaren munduari erakundeetan sartzeko aukera eman dien legaltasunaren aurkakoak direla dio eta ohartarazi du Euskal Sozialistak jarraitzen dutela eskatzen bakea eta bizikidetza “balore etiko eta demokratiko sendoetan oinarritu behar direla”.
Hori guztia dela-eta, aldeztu egin du "herritarren eskubideak eta askatasun guztiak bermatzen dituen Zuzenbidezko Estatu batean bizi garela”, ez dagoela “ideia politikoak aldezteko arazorik, betiere legaltasunaren esparruan adierazten badira” eta “ez dagoela preso politikorik, ez Euskadin, ez Espainian”.






