Prentsa-aretoa

Berriak

Aresek Gobernu zentralari eskatu dio "ez dezala denbora gehiago galdu” eta Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroa abian jar dezala

Euskal Sozialisten Antolakuntza idazkariak, Rodolfo Aresek, gobernu zentralari eskatu dio “ez dezala denbora gehiago galdu” eta abian jar dezala Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroa; izan ere, “inoiz baino premiazkoagoa eta beharrezkoagoa da” halako zentro bat edukitzea, "biktimen ohoreari eta oroimenari balioa emateko; bizikidetzako, tolerantziako eta aniztasuneko balore etiko eta demokratikoak zabaltzeko, eta gure gizartean terrorismoak zer nolako kalte eta sufrimendu sortu duen gogoratzeko".  “Rajoyk esan du zintzoena eta zuzenena biktimekin egotea dela, baina bi urte baino gehiago egon dira zentro hori abian jarri gabe”, esan du Aresek gaur goizean Bilboko PSE-EEren egoitzan egin den prentsaurrekoan.

Euskal Sozialistek Espainiako Gobernuari eskatu diote “galdutako denbora berreskura dezala”, eta Eusko Jaurlaritzarekin batera, zenbait neurri har ditzala proiektu hori sortzeko, “oso garrantzitsua” baita une honetan, “ETAk jarduera terrorista utzi duenean, eta historia berriz idatzi, eta terrorismoaren alde egin zutenen edo horretan jardun zutenen ardurak argitu behar denean”.

Aresek, gainera, euskal PPko presidente andreari eskatu dio “koherente” izan dadila Euskadiko Legebiltzarrean bozkatu duenarekin zein Gorteetan Biktimen Legean onetsitakoarekin. Gainera, nabarmendu du Arantza Quirogaren eta ministroaren arteko elkarrizketa batean ematen zuela Quiroga "ados zegoela proiektuarekin aurrera egiteko eskaerarekin, eta Eusko Jaurlaritzarekin batera egin behar izanarekin”. Gogoratu du, gainera, Eusko Legebiltzarrak PSE-EEren ekimen baten ondoriozko zuzenketa transakzional bat onetsi zuela. EAJk, PSEk, PPk eta UPyDk bozkatu zuten zuzenketa horren alde, eta Espainiako Gobernuari eskatzen zioten “berehala jarrai dezala" Oroimenezko Zentroa abian jartzeko lanekin. Gainera, Euskadiko gobernuari eskatzen zioten proiektuan laguntzeko aurreko legegintzaldian diseinatutako protokoloaren arabera.

Ortuzar

Kazetariek galdetu egin diote zer iritzi duen Patxi Lopezen gobernu sozialistaren kudeaketaren inguruan EAJko presidenteak, Andoni Ortuzarrek, egin dituen kritiken inguruan, eta Rodolfo Aresek esan du hitz horiek agerian uzten dutela “EAJk ez duela argudiorik”, eta ezin duenez datuekin Urkulluren gobernuaren kudeaketa aldeztu, nahiago duela “oposizioari oposizioa egitea” Aresek gogoratu du legegintzaldian Urkulluren gobernu nazionalistak 4 lege proiektu baino ez dituela onetsi:  bi aurrekontuen ingurukoak, bat funtzionarioen aparteko ordainaren aurrerapena onesteko, eta Estatistikaren Legea.  “Balantze pobrea da legegintzaldiaren herena beteta, ezta?", gaineratu du. Aresek EAJko gobernuari eskatu dio “benetako Euskadirentzat” goberna dezala, badituela PSE-EErekin zenbait plan onetsita, eta horiek gauzatu behar dituela.

Rodolfo Ares goizean Bilbon egin duen prentsaurrekoan, Terrorismoaren Biktimen Oroiemenezko Zentroaren proiektuaren egoera baloratzeko
Rodolfo Ares goizean Bilbon egin duen prentsaurrekoan, Terrorismoaren Biktimen Oroiemenezko Zentroaren proiektuaren egoera baloratzeko

Beste berri batzuk...

Iruzkinak