Prentsa-aretoa

Berriak

Biltzar Nazionalak datorren asteartean Konferentzia Politikorako PSE-EEko 12 ordezkari aukeratuko ditu

Idoia Mendiak, gardentasunari dagokionez, Euskal Sozialistek egin dituzten ekarpenak nabarmendu ditu; PSOEren proiektu politiko berrirako oinarriak finkatuko dituen Esparru Agiria hobetuko dute

Urriaren 1ean Euskal Sozialisten Biltzar Nazionala bilduko da PSE-EEko 12 ordezkari aukeratzeko (6 Bizkaikoak, 4 Gipuzkoakoak eta 2 Arabakoak); ordezkari horiek azaroaren 8, 9 eta 10eko PSOEren Konferentzia Politikora joango dira.  PSOEk urtebetez eztabaida bizia egin du zenbait alderdiri buruz, adibidez, Europa, ongizatea, demokrazia, erakundeak eta fiskalitatea, eta Euskal Sozialistek eztabaida horietan guztietan modu aktiboan parte hartu dute, gardentasunarekin lotutako gaiei garrantzi berezia emanez.  PSE-EEko bozeramaileak, Idoia Mendiak, nabarmendu egin ditu Patxi Lopezen gobernuak gardentasunaren eta parte-hartzearen arloan burutu zituen ekimen “aitzindariak", abian jarri baitzen Irekia eta Open Data atariak, eta horiek oraindik ere eredu dira eremu nazionalean zein nazioartekoan.  Euskadiren ekarpenek beste arlo batzuk ere gain hartu dituzte, adibidez, hezkuntza (Eskola 2.0 Proiektua eta hirueletasuna), osasuna (kronikoen estrategia) edo sektore publikoaren berrikuntza.

PSOEk irekitako parte-hartze prozesua nabarmendu du Mendiak. Horren bidez, alderdiko militanteek zein herritarrek Konferentzia Politikoaren eztabaidarako ekarpenak egin ditzakete.  Urriaren 7ra arte egin daitezke ekarpenak "Elkarrizketak sarean" parte-hartzeko plataformaren bidez.

Fiskalitateari buruzko Osoko Bilkura

Idoia Mendiaren ustez “positiboa” izan da atzo Eusko Legebiltzarrean egindako eztabaida. Lehendabiziko aldiz erakunde horrek euskal herritar guztientzako fiskalitate bakarra lortzeko zenbait akordio egin eta neurri hartu zituen.  Bozeramaile sozialistaren iritziz, zenbait “adierazpen gordin” alde batera utzita, badago aukera eta denbora PSE-EE eta EAJ arteko akordioa beste alderdi politiko batzuengana zabaltzeko.  Adierazi du "badagoela Euskadirako beste fiskalitate bat aurrera ateratzeko denbora”.

Mendiak berriz esan du, komunikabide batzuek beste gauza bat adierazten saiatu badira ere, zerga erreformak ez duela klase ertainengan eragina izango, errenta handienetan baizik, baita krisi garaian enplegua sortzen berriz inbertitzen ez dituzten enpresetan ere.

Idoia Mendia
Idoia Mendia

Beste berri batzuk...

Iruzkinak