Coloma: “Gazteei argi esan nahi diegu maiatzaren 25ean haserretzeko, baina baita inplikatzeko eta mugitzeko ere, badakitelako bozkatu behar dutela”
JSE-Egazek gaur “Mugi zaitez” kanpaina aurkeztu du. Horren bidez, sareko meme ezagun baten bidez azaldu dute nola bozkatu behar den gure lurraldean posta bidez Europar hauteskundeetara.
Aurkezpenean, PSE-EEko bozeramailea, Idoia Mendia, ere izan da, eta honek adierazi du Euskadiko Gazte Sozialisten kanpaina ezin hobea dela “gazteek Europan ahotsa izan behar baitute jada”.

JSE-Egazeko idazkari nagusi eta PSE-EEko Batzorde Exekutiboko kide Alain Colomak, eta PSE-EEko bozeramaile Idoia Mendiak, Bilboko Termibus geltokian, Bizkaiko Gazte Sozialisten militante batzuekin batera, gaur goizean aurkeztu egin dute europar hauteskundeetara posta bidez nola bozkatu azalduko duen kanpaina, "mugi zaitez" izenekoa.
Gazteen taldeko buruak, Europan aldaketa bideratzeko gazteen parte hartze masiboa ezinbestekoa dela esan du. “Horixe da gure etorkizun hobe baten jabe bihurtzeko izango dugun modu bakarra. Horregatik, kanpainan mugitzeko eskatzen diegu, eta gazteei esaten diegu bozkatu behar dutela, eta badakitela egin behar dutela", esan du.
Gazte Sozialisten idazkari nagusiak ondokoa ere onartu du: "ezkerrekoek ere agian zenbait akats egin ditugu, zenbaitzuetan okertu gara, baina eskuinekoak ez dira inoiz okertzen, eta hori ez da ona, aurrez finkatutako estrategia bat baitute, eta krisiak lehen ausartzen ez ziren zenbait gauza egiteko parada eman diela".
“Horregatik —jarraitu du—, haserrea, mugimendu antolatu eta indartsu bihurtzeko aukera ezin hobea dugu, hormak hautsiko dituen mugimendu indartsuena, indarkeriarik gabe hormak hautsiko dituen bakarra, hots, botoa ematekoa”.
Bestalde, gehiengoak aldatzeko botoaren bidez “Rajoyren politikak deslegitimatuko" ditugula esan du, Espainian eskuinak irabazten badu “beraren politikak legitimatuko dira, eta horretan jarraituko du beste bi urtez”. Gainera, botoaren bidez “Urkulluri esango diogu gazteen lehentasunetako bat ez dela Lehen Aukera proiektua; izan ere, proiektu hori ez da lehena, eta ez da aukera, bekadunen kolokatasuna baino ez baitu sortzen. Halaber, gure berezitasunak goraipatzeko euskal jai nazionalista katolikoa ez dela lehentasunetako bat esango diogu”.
Gainera, PSE-EEko bozeramaile Idoia Mendiak nabarmendu du kanpainaren bidez “gazteei, baina baita PSE-EEri ere, esaten zaiela oso garrantzitsua dela botoa ematea, eta bereziki, hauteskunde hauetan”, bozeramaile sozialistaren ustez, "Europar Parlamentuan ezkerrak gehiengoa badu, europar politikak aldatzeko aukera izan dezakegulako".
Horregatik, gazteei dei berezia luzatu die "Europan ahotsa hartu behar dutelako jada. Behar ditugu, eta horregatik behar-beharrezkoa da Gazte Sozialisten kanpaina”.
Amaitzeko, taldeak esan du banaketa-kanpainarekin gaur hasiko direla bidaiarien eremuetan, datorren astean Bizkaiko eta Gipuzkoako unibertsitateetan eta ikastetxeetan izango direla, eta hurrengo astean Arabako ikastetxeetan eta campusean, aste horretan aurre-kanpaina amaitu, eta hauteskunde-kanpaina hasiko baita.