Enplegu-politikak indartzeko gizarte-elkarrizketaren alde egin du PSE-EEk bakar-bakarrik

Berriz ere, Sozialistak Taldeak berriro ere bakarrik egin du sindikatuekin eta enpresaburuekin hitz egitearen alde, enplegurako eta ekonomia biziberritzeko politikak indartu eta osatzearren. “EAJk eta EH Bilduk eztabaida honetan zer jarrera izan duten ikusita —azaldu du Bixen Itxasok—, ezingo dugu akordiorik lortu eta, horregatik, sozialistak bakar-bakarrik geldituko gara (eta ez dugu arazorik hori esateko), euskal sindikatuetako eta enpresaburuetako hainbat sektore garrantzitsuk aldezten dutenaren alde egiten”
Talde Sozialistaren Enpleguko bozeramaileak, Bixen Itxasok, gaur goizean Eusko Legebiltzarrean aldeztu duen mozio batean, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio berehala egin dezala Gizarte Elkarrizketako Mahaiaren deialdia “enplegurako eta jarduera ekonomikoa sustatzeko neurrietan ekonomia- eta gizarte-eragileak inplikatzeko”, baita “horiek guztiak osatzeko eta indartzeko aukerak aztertzeko ere”.
EAJk eta EH Bilduk ez dute ekimen hori onartu: lehenengoak, gizarte-elkarrizketa errazteko “baldintzak” eskatzen direlako; eta bigarrenak, ELA eta LAB sindikatuek ez dutelako foroan parte hartu nahi. Legebiltzarkide sozialistak jarrera horiek kritikatu ditu. Bixen Itxasok EH Bilduri leporatu dio “gehiengo sindikalekiko errespetuaren aitzakiarekin, sindikatu txikienek ere negoziatzeko duten eskubidea galarazten dutela”.
EAJ ere kritikatu du; izan ere, "Gizarte Elkarrizketako Mahaiaren osaketa sindikatu abertzaleen esku utzi du, esan baitute elkarrizketa bakar-bakarrik izango dela posible ELA eta LAB sindikatuek hala erabakitzen dutenean". “Eusko Jaurlaritzak —gaineratu du— ezin du beste alde batera begira jarraitu, sindikatu jakin batzuek iritziz noiz aldatuko duten zain, krisiari aurre egiteko giltzarrietako bat baita".
Legebiltzarkide sozialistak zalantzan jarri du Lehendakariak esandakoa, hots, gizarte-elkarrizketarako urtea izango dela. “Lehendakariak —adierazi du Bixen Itxasok— jendaurrean onartu du gai bat duela egiteke. Denek onartu dute gizarte-elkarrizketa beharrezkoa eta garrantzitsua dela. Baina denek jartzen dute zenbait baldintza, elkarrizketa hori ezinez bihurtzeko. Sozialistok tinko jarraituko dugu hori aldarrikatzen, jakin badakigulako gizarte-eragileekiko elkarrizketa funtsezkoa dela ekonomia eta enplegua garatzeko, are gehiago Euskadiren Langabeziari buruzko azken datuek zer dioten jakinda”.