Errefuxiatuen beharren jarraipena egitearren Legebiltzarren taldeartekoa osatzea proposatu du PSE-EEk
Euskal Sozialistak Legebiltzar Taldeak euskal Legebiltzarrean Taldeartekoa osatzea proposatu du, errefuxiatuek dituzten beharren eta jasotzen duten arretaren jarraipena egitearren. Gainera, hurrengo legegintzalditan ere jarraipena izango luke; izan ere, egungo krisiaren larrialditik haratago, arrazoi politiko eta ekonomikoengatiko migrazioak jarraitu egingo dira.
Mikel Unzalu legebiltzarkidearen ustez, Legebiltzarreko Araudian jasotako euskarri bat erabil daiteke, eta helburu horrekin taldeartekoa abian jartzea proposatu du: legebiltzarkideen talde ez ofiziala da, eta helburua gai jakin batzuen inguruan ikuspuntuak modu informalean trukatzea eta Legebiltzarreko kideen eta gizartearen arteko kontaktua sustatzea da. Adibidez, zenbait legegintzalditik hona formula hori erabiltzen da Saharako gaien jarraipena egiteko.
“Hemendik aurrera ere migrazio-fenomenoak gertatuko direnez”, Unzaluk uste du Taldeartekoak ondokoa egin behar duela: "gatazka politikoren baten ondorioz jatorrizko herriak utzi Euskadira etorri diren pertsonen prozesua ezagutzea, beraien bizi-baldintzak eta beharrak ebaluatzearren, eskaini ahal zaizkien baliabideak zehaztu baino lehen".
Sozialisten proposamena Europar Batasuneko estatuburuek eta gobernuburuek Turkiarekin egindako akordioaren errefusapenaren ondoriozkoa da; izan ere, Europar Batasunera modu irregularrean etortzen diren etorkinak —asiloa, eskatzen dutenak, siriarrak edo beste herrialdeetakoak barne— aipatutako herrialdera itzultzea aurreikusi du aipatutako akordioak.
Europar batasunari eta estatu kideei ere pertsona horiei premiazko erantzun humanitarioa eman diezaieten exijitzen du Unzaluk; asilorako nazioarteko eskubidea eta Giza Eskubideak errespetatu beharko dira beti. Horrek esan nahi du bertan behera utzi beharko direla nazioarteko asiloa edo Giza Eskubideei buruz Europar Batasunean sinatutako nazioarteko hitzarmenak errespetatzen ez dituzten akordioak, itunak, hitzarmenak edo proposamenak.
Halaber, Legebiltzarrak Igarobide Seguru Manifestuarekin bat egin dezala proposatzen du. Aipatutako manifestua Europako zenbait gizarte-talde, sindikatu eta alderdi politikorekin sinatu da pasillo humanitarioak sortzearren. Gainera, Eusko Jaurlaritzak sinatu beharko luke martxoaren 9an hamaika Autonomi Erkidegok egindako adierazpena pertsona errefuxiatu eta lekuz aldarazitakoei arreta eta harrera egiteko.