Europar Parlamentuak onetsi egin du Eider Gardiazabalen txostena, hazkunde- eta enplegu-politiketarako finantzazioa handitzeko eskatzen duena, hain zuzen

Europako Parlamentuko osoko bilkurak onartu egin du Eider Gardiazabal eurodiputatu sozialistaren txostena: 2015eko aurrekonturako orientabideak- III. Atala. Txosten horretan, lehiakortasunerako programetan inbertsioa handitzea eskatu du, baita Kontseiluari agindutako ordainketak errespeta ditzala ere.
Goizean Estrasburgoren egindako Eztabaidan, eurodiputatuak nabarmendu duenez “agian zenbait datu makro ekonomikok nolabaiteko hobekuntza aztarna erakusten dute, baina zoritxarrez herritarrek ez dute euren eguneroko bizimoduan hobekuntzarik sumatu"
Eider Gardiazabalek txostenean azaldu du argi eduki behar dugula nola nahi dugun krisitik irten eta zer funtzio izan dezakeen aurrekontuak". Ildo horretatik azaldu du Europar Batasunaren lehiakortasunerako beharrezkoak direla talentua, ezagutza, hezkuntza hobea, Erasmus beka gehiago ematea, ikerketa gehiago egitea, berrikuntza, gure enpresak gehiago nazioartekotzea, industria-politika sendoa, ETEen alde egitea kreditua lor dezaten lagunduz.
“2015erako europar aurrekontuaren lehentasunak arlo horietan zehaztu ditzagun, eta programa horien finantzazioa handitzeko ahalegin berezia egin dezagun nahi dut”, azpimarratu du.
Horregatik, datozen urteetako inbertsioak datorren urtera aurreratzea eskatu du, 2014rako beste programa batzuekin egin den moduan. Horren inguruan, “gure gazteek, langabetuek, enpresek, ekonomiek ezin dutela 2020rako programatutako inbertsioen zain gelditu” esan du. “Une honetan indartu behar dugu europar gazteen bermea, ETEek orain behar dituzte abalak finantzaketa lortzeko eta euren proiektuak abian jartzeko, eta ekintzaileek gaur behar dute gure laguntza, ez bost urte barru”.
Halaber, Eider Gardiazabalek ohartarazi du Europar Batasunean azken urteotan izandako ez-ordainketen egoera “ezin dela jasan”, eta “Kontseiluak ez du hori ikusi nahi”. Beste alde batera begiratu nahi badute ere, fakturak ez dira berez ordainduko, eta errealitatea onartzeko atzeratzen diren heinean, aurrean arazo handiagoa izango dugu.
Hori dela eta, estatu kideei ondokoa eskatu die: “ez dezatela jolastu ordainketen mailarekin, ez dezatela Europar aurrekontua erabili aurrekontu nazionalak doitzeko aldagai gisa, ez dezatela murrizketa ikusi aurrezteko aukera gisa, horrela bada, oker jokatuko baitute”. “Porrot egingo dugu uste badugu aurrekontua murriztuz, edo gai hartutako hori ez ordainduz, gure arazoak ebatziko ditugula”, esan du amaitzeko.