Euskadin Erasmus bekak % 8 gutxitu dituztela salatu dute Sozialistek
Euskal Sozialistek gaur salatu dute Espainiako Gobernuak murriztu egin dituela Erasmus bekak; Euskadin murrizketa % 8koa izan da (148 ikasle gutxiago), Espainian baino puntu bat gehiago.
![Tontxu Rodríguez, Euskal Sozialisten senataria. [Argazkia: Euskal Sozialistak]](/upload/foto-original-Tontxu-Rodrguez-senador-de-Socialistas-Vascos-Foto-Socialistas-Vascos-Tontxu-Rodrguez-Euskal-Sozialisten-senataria-Argazkia-Euskal-Sozialistak-54edba10a6e26.jpg)
Oro har, 2013-2014 ikasturtean aurreko urtean baino espainiar unibertsitate-ikasle gutxiago lortu dute Erasmus beka Europako beste herrialde batean ikasteko (% 7, 2.328 ikasle gutxiago), Espainiako Gobernuak Senatuak Talde Sozialistari eman dion erantzunetik ondoriozta dezakegunez.
Unibertsitate-trukeetarako programari zuzendutako partidak gutxitu dituztelako gertatu da aipatutako murrizketa: 2013. urtean Estatuaren Aurrekontu orokorrek 62,8 milioi euro jaso zituzten Erasmus beketarako, baina 2015. urtekoetan, berriz, 37 milioi euro baino ez dira jaso, % 41,86 gutxiago.
Horrez gain, Hezkuntzarako laguntza osagarriak, 304 euro/hilekokoak ziren, eta orain 85 euro/hilekokoak dira, Gobernuak funtsak banatzeko irizpidea aldatu baitu (% 72,1 murriztu), europar funtsek 120 euro/hilekotik 145 euro/hilekora igo badira ere (% 18 gehiago).
Euskadin, murrizketa handiagoa izan da: 2012-2013 ikasturtean 1.609 Erasmus beka ziren, eta iaz 1.481 eman ziren, % 8 gutxiago, Espainian baino puntu bat gehiago.
“Popularren gobernuarekin bekadun gutxiago, diru gutxiago eta laguntza gutxiago ditugu. Erasmus programa itotzen ari dira, eta Hezkuntzako aukera-berdintasuna erasotzen dute", salatu du Tontxu Rodríguez senatari sozialistak.
Hori dela eta, Rodriguezek ondokoa eskatu du: "aurreko urtetako aurrekontu-partidak berrezar ditzaten eta Erasmus beken kopurua handitzeko euskal unibertsitate-ikasleentzat, hezkuntzako desberdintasunak gehiago ez areagotzearren".