Prentsa-aretoa

Berriak

Euskadin eta Nafarroan langabezian dauden eskolta pribatu profesionalentzat irtenbide bat eskatu du Tontxu Rodriguezek “ezin baitugu ahaztu gure bizitzen eta askatasunaren alde egin zutena”

Euskal senatari sozialistak salatu duenez, "langile horiek oso lan garrantzitsua egin zuten demokraziarako, eta kalean utzi ditugu bizkarrean zaplada jaso ondoren”

Tontxu Rodríguez Senatuan. [Argazkia: Euskal Sozialistak]
Tontxu Rodríguez Senatuan. [Argazkia: Euskal Sozialistak]

PSE-EEko senatariak, Tontxu Rodriguezek, Barne Ministroari, Jorge Fernández Diazi, eskatu dio bere konpromisoak bete ditzan eta lan-irtenbide bat eskain diezaien Euskadin eta Nafarroan langabezian diren eskolta pribatuei “gure bizitzen eta askatasunaren alde egin zutena ahaztu ez dezagun”.


Gaur arratsaldean esku hartu du Rodriguezek parlamentua kontrolatzeko bilkuran, eta Fernández Díaz ministroari esan dio "eskoltak gure silueta izan direla hamabost urtez.  Orain zure ateari joka daude, eta zure konpromisoak bete ditzazun eskatzen dizugu, ez itxi ateak eta ez ahaztu eskoltak”.


PSE-EEko parlamentariak gogoratu du eskolta pribatuak "hainbat zinegotziren, politikoren, kazetariren, fiskalen, epaileen edo unibertsitate-profesionalen benetako bizkarra izan direla”, eta “ETAren mehatxupean egin dute lan euren bizitza ere arriskuan jarriz”, gaineratu du.


Horren inguruan, “Euskadin ia 3.500 eskoltak eta Nafarroan ia milak euren bizitza arriskuan jarri dute gu babesteko, ETAren terrorismoaren helburu baikinen.  Urriaren 20tik, plantillan 210 langilera murriztu dute, eta horien % 50ek tratu txarrak jasaten dituzten emakumeak babesten dituzte.  Gainontzekoak, 4.000 baino gehiago, langabezian daude, supermerkatuetako, bankuetako edo diskoteketako ateetan, eta zorte handiena izan dutenak, zenbait itsasontzitan Somalian”, gaineratu du.


Tontxu Rodriguezek ministroari esan dio "langile horiek oso lan garrantzitsua egin zutela demokraziarako, eta kalean utzi ditugula bizkarrean zaplada jaso ondoren. Zuk eta konponbide bat agindu zien gobernuak huts egin diete.  Zuk zeuk esan zenuen talde horrentzat konponbide duina bilatuko zela, Guardia Zibilari eta Polizia Nazionalari laguntzeko plan bat egingo zenutela, eta hiru eskoltetatik batek espetxeak zainduko zituela esan zenuten.  Pribatizatzeko plan horretan 800 zaindari sartu dira dagoeneko, baina % 19 baino ez dira espetxeen kontrolean sartu (Eskolten Espainiako Elkartearen arabera)".
Rodriguezek aipatu duenez, “langile horiek kualifikazio handiegia dute, garestiak dira eta soldata handia jasotzen dute.  Sozialistok segurtasun publikoaren aldekoak gara, baina pribatizatzeko planean enpresa esleipendunek Euskadiko eskoltak amu gisa erabiltzen badituzte lehiaketan, bete eta lehentasunak ezarri beharko dituzte.  Segurtasun enpresek gutxiago irabazi behar badute, gutxiago irabaz dezatela".


PSOEko parlamentariak azaldu du tamalez, egun, eskoltek Euskadin azken bi hamarkadotan egindako lana ezabatzen dutela curriculumean, trebakuntza ezabatzen dutela edo iragana ezkutatzeko beharra dutela. “Horietako askok, euren etxeetatik kaleratu dituzte edo diru-sarrerak bermatzeko errenta kobratu behar dute".

Beste berri batzuk...

Iruzkinak