Euskal Sozialistek eurek bakarrik aldeztu dute euskal ikasgeletara biktima hezitzaileak eramateko programa

Talde Sozialistaren Giza Eskubideen bozeramaileak, Mikel Unzaluk, gaur Eusko Legebiltzarrean azpimarratu egin du “sozialistok bakarrik aldeztu dugula euskal ikasgeletara biktima hezitzaileak eramateko programaren jarraitzea”, eta aldi berean nabarmendu du "Hezkuntzako sailburuak eta Eusko Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrarekin berarekin duten arazoa, programa horrekin jarraitzea aldeztea aipatu baitu, eta Urkulluren gobernuak horren alde egin du”.
Balio demokratikoetan oinarritutako eta bereizketarik gabeko heziketa integralaren beharra aldeztu du gaur berriz Talde Sozialistak Eusko Legebiltzarrean. UPyD taldearen mozioaren inguruko eztabaidan egin du. Mozio horren bidez, eskatu egin da euskal ikastetxeetako Biktima Hezitzaileen programatik kanpo utz ditzatela 1960tik 1978ra bitartean polizia eta parapolizia indarren giza eskubideen bortxaketak jasan dituzten biktimak.
Bestalde, Talde Sozialistaren Giza Eskubideen bozeramaileak, Mikel Unzaluk, biktima horiek sartzearen alde egin du, aukera horrek “ez baitu esan nahi ETAren terrorismoaren larritasuna arinduko denik, baizik eta memoria demokratikoa guztiz egikarituko dela, eta demokrazia handiagorantz, bere lege, erakunde eta jolas-arauekin, eramango gaituen bidea egingo dugula”.
Mikel Unzaluk gogoratu du “balio demokratikoetan oinarritutako heziketa osoaren aldekoak gara sozialistok, eta horixe lortu genuen Eusko Jaurlaritzan Carlton Konpromisoaren bidez, hezkuntza eragile guztiekin akordio zabala lortu ondoren". “Testuinguru horretan —gaineratu du— Biktima hezitzaileen programa sortu zen eta, lehendabiziko aldiz, ETAren terrorismo totalitarioak gure herrian sartu dituen ondorioen inguruan ikasgeletan dugun isiltasunarekin amaitu zuen, nazionalisten aldetik kritika ugari entzun baziren ere".
Terrorismoaren biktimez gain, GALekoak ere programan sartu zirela gogoratu ondoren, Mikel Unzaluk esan du, arrazoi berbera dela-eta, frankismoaren garaian eta trantsizio demokratikoaren hasieran urteetan polizia eta parapolizia indarrek urratutako giza eskubideen biktimak ere sar daitezkeela. Batez ere Patxi Lopezen gobernuak biktimei erreparatzeko Eusko Legebiltzarraren agindua betetzeko egin zuen dekretuaren ondorioz. Dekretu hori aho batez onetsi zen.
“Pertsona horiek —esan du— ikuspuntu demokratikotik justifikatu ezin diren ekintza ikaragarri batzuen biktima izan ziren eta, horregatik urte luze behar izan dituen onarpen publikoan sartu behar dira eta, halaber, hezkuntza arlora ere eraman beharko genituzke”.
“Euskal ikasleek —gaineratu du Mikel Unzaluk— gure historia, oraingoa eta atzokoa, gogoratzeko eskubidea dute. Azaldu behar diegu inolako aringarririk gabe urte luzez terrorismo totalitarioa jasan dugula, eta horrek askatasunak, zuzenbideko estatu demokratikoa eta herritarren eskubideak kendu nahi zizkigula. Baina, halaber, diktadura bat izan genuela, eta ahaztu ezin ditugun zenbait basatikeria egin zituela. Eta ezin da ahaztu, trantsizioaren hasieratik jaiotzear zegoen demokraziari aurre egin nahi izan zietenek sistematik at egin zituzten delituak. Hori guztia gogorarazi behar diegu ikasleei, jakin dezaten ezin dela hori berriz gertatu".