Euskal Sozialistek gardentasunarekiko eta demokrazian parte-hartzearekiko konpromisoa berritu dute

Euskal Sozialistak Legebiltzarkide Taldeak osteguneko Osoko Bilkuran berritu egin du gardentasunarekiko eta herritarren parte-hartzearekiko duen konpromisoa ordezkaritzako demokraziaren kalitatea hobetzearren eta "salbatzaileen aurrean" sistemarekiko konfiantza suspertzearren.
Idoia Mendia legebiltzarkideak gogoratu egin du gai horren inguruko eztabaida oso garrantzitsua dela. Patxi Lopezen gobernuak gardentasuneko eta parte-hartzeko politika argi batzuei ekin zien Gobernu irekiaren bidez eta goi kargudunen kode etikoaren bidez, besteak beste. Horren aurrean Urkulluren gobernuaren egungo jarrera aipatu du "harritzekoa bada ere, gai horretatik urruntzen ari da eta egutegi legegileak ez du Gardentasunaren Lege iragarrita jaso, herritarren aurrean aurkezteko eta orain dela sei hilabete Legebiltzarraren konfiantza eskatzeko aurkeztu zuen hauteskunde-programak hori jaso bazuen ere”.
“Baina lege hori egingo da. Bere egunean esan genuen bezala, orain izapidetzen ari garen bateraezintasunen legea amaitu ondoren, euskal sozialistek gardentasunaren lege proposamen bat ekarriko dugu EAJk ez badu jarrera aldatzen”, ohartarazi du. Mendiak gogoratu du sozialistek ez “ditugula begiak eta belarriak estaltzen, alderdi politikoen bidez bideratutako ordezkaritzako demokrazia, orain arte probatu ditugun sistemen artean, horren gaiztoa ez den sistema politikoa dela uste baitu, Winston Churchillek esan bezala, eta XX. mendean balio ziguna, XXI. mendean ere balio zaigu, baina ordutik hona ondokoa aldatu da: orain demokrazia hobetzeko moduko kontrol tresna gehiago ditugula".
Beraz, ordezkari sozialistak ordezkaritzako demokraziari buruzko hausnarketa egitea eskatu du, "horixe izan baitzen mugimendu populista batzuen laguntzarekin boterera iritsi ziren sistema totalitarioak eusteko dikea; horiek ekonomia krisia erabili zuten demokraziari aurka egiteko”. Hori dela-eta, herritarren kontrolerako tresnen bidez sistema indartzea proposatu du eta esan du ez dagoela ados “administrazioa gutxitzeko” aitzakiarekin, hezkuntza eta osasuna narriatzez gain, “boterea kontrolatzeko tresna eraginkorrak kentzeko asmoa duten” ekimenekin. Horrela bada, Arartekoaren figuraren alde egin du "erakunde horrek zaindu eta zuzentzen lagunduko du herritarren eskubideen aurka Administrazioak burutzen dituen ekintzak edo egin beharrekoa egiten ez badu”. “Gainera, erkidegoetako kontuen epaitegiak kentzea gardentasun beharraren aurkakoa dela iruditu zaigu. Horiek indartu beharra dago. Eraginik gabeko organismo geldoaren irudia izan beharrean, gure ustez erakunde esparru batzuetako kontuak azkarrago fiskalizatzeko baliabideak izan beharko lituzkete epaitegi horiek. Eskumen gehiago izan ditzaten nahi dugu, horrela bada, kargudun publikoen ondasunen bilakaera kontrolatu ahal izango dute eta, kasua balitz, zigorrak jarri ahal izango lituzkete", proposatu du.
Mendiak azaldu duenez, “politikan zerbitzu bokazioarekin gaudenok, demokrazian sinesten dugunok, uste dugu gure jarduerak kontrolatzeko modu batzuk kentzen direnean ez dugula eurorik aurrezten". “Ustez aurrezten den horrek guztiak, kostu handiagoa ekar dezake herritarrentzat. Eta ikusi baino ez dugu egin behar kontrol eraginkorrik ez egoteak zenbait jokaera onartezin sortu dituela, eta jokaera horiek haserretu egiten gaituzte. Horietako batzuk delitu dira. Beste batzuk, delitu ez badira ere, zigortzeko modukoak dira, adibidez, herritarrei oker egiten bazaie arreta. Beraz, ez du salbatzailerik nahi, ezta kontrol faltarik ere. Demokrazia hobetu nahi dugu. Eta asmo gaiztoaz eta konfiantza ezaz jakitun garela egingo dugu. Sinesgarritasuna eta parte-hartzea berreskuratu nahi ditugu”, azpimarratu du.
Ordezkari sozialistak onartu du ustelkeriak kalte handia egin duela “ez alderdi politikoei, demokraziari baizik”. Amaitzeko “iraganeko lezioak ikas ditzagun, kalitate demokratikoa hobetzeko egun ditugun tresnak erabil ditzagun eta herritarrek euren burua sistema honen parte-hartzaile zuzentzat ikusiko duten hurbileko geroan pentsa dezagun; sistema horrek guztion bizi-kalitatea hobetzeko helburu baino ez du izan beharko" esan du.