Euskal Sozialistek kondenatu egin dute Bilbon gertatu den emakume baten hilketa
Patxi López, Idoia Mendia, Rodolfo Ares, Josean Pastor, Alfonso Gil, eta PSE-EEko beste kide batzuk gaur goizean Bilboko Udaletxearen aurrean egindako kontzentraziora joan dira. Emakume baten hilketa basatia kondenatzeko kontzentrazioa izan da
PSE-EEko zenbait agintari gaur goizen Bilboko Udaletxean egindako kontzentrazio isilera joan dira. Kontzentrazio horren bidez, gizon batek emakume bat hil duela gaitzetsi dute. Igandean gizon batek Bilboko gimnasio batean Ada, prostituzioan ari zen Nigeriako emakumea, gogor jipoitu zuen. Basurtoko ospitalean hiru egun koman egon ondoren gaur hil egin da.
PSE-EEko bozeramaileak, Idoia Mendiak, hilketa hori kondenatu du eta oraindik emakumeak “katearen maila ahulena” direla salatu du. Kasu honetan, Ada ahulena zen arrazoi askorengatik: “emakume bat zen, etorkina zen, ez zituen agiriak behar bezala eta kalean prostituzioan lan egiten zuen”. Hori dela-eta, Mendiak alderdi politikoei ondoko deia egin die: “ahal dugun guztia egin behar dugula beste leku batzuetatik Euskadira lan egitera datozen pertsona guztien bizi-baldintzak hobetzeko eta hemen bizi garenok ditugun eskubide berberak benetan izan ditzaten".
Sozialisten bozeramaileak eskerrak eman ditu herritarren laguntzagatik, emakume batek poliziari deitu baitzion Adaren oihuak entzun zituenean “emakume horrek Ertzaintzari deitu izan ez balu, une honetan hilketa gehiagoren berri izango baikenuke”.