Prentsa-aretoa

Berriak

Euskara ezagutza maila egiaztatzeko azterketak aditu talde batek berrikus ditzan nahi du PSE-EEk

“Zerbait ez da ondo egin, EGA titulurako azterketa egiten duten lau pertsonatik batek bakarrik gainditzen duelako”, esan du Isabel Celaá legebiltzarkideak

“Premiazkoa da porrotaren arrazoiak argitzea; izan ere, frustrazioa sortzen du lana topatzeko egiaztagiria behar duten pertsonengan”.

Isabel Celaá, artxiboko argazkia. [Argazkia: Euskal Sozialistak]
Isabel Celaá, artxiboko argazkia. [Argazkia: Euskal Sozialistak]

Euskararen ezagutza maila egiaztatzeko, batez ere EGA (Euskararen Gaitasun Agiria) lortzeko, egiten diren azterketen edukia eta ikuspuntua aditu talde batek berrikus ditzala eskatu du Alderdi Sozialistak, gainditutakoen kopurua oso txikia baita.

“Sisteman zerbait ez da ondo egin, azterketa egiten duten lau pertsonatik batek baino ez baitu EGA azterketa gainditzen, eta beste maila batzuetan gaindituen kopurua % 10ekoa da.  Eta botere publikoak ezin dira ezer egin gabe gelditu; izan ere, horrek frustrazioa sortzen du lana errazago bilatzeko titulua eskuratu nahi duten milaka pertsonengan, denbora luze ikasi eta dirua ordaindu dutelako titulua lortzeko”, azaldu du Isabel Celaá legebiltzarkideak.

Horren harira, gazteen artean ere euskara ezagutza egiaztatzeko agiriak lortzeko orduan porrota maila handia dela azaldu du, nahiz eta gazteek euskaraz ikasi. Horren aurrean, Espainian, Cambridge Unibertsitateko Advaced of English azterketa % 62,4k gainditzen du, eta Proficency azterketa % 61,8k.

“Botere publikoak ez lirateke ezer egin gabe geldituko hezkuntza-sisteman ez gaindituen tasa % 75-80koa balitz; hortaz, Eusko Legebiltzarrak ezin ditu begiak itxi egoera horren aurrean", nabarmendu du Isabel Celaak.  “Beraz, premiazkoa da argitzea porrota maila lehiatzaileei atxikitzeko moduko arrazoiengatik den, ikasleek jaso duten trebakuntzagatik den, azterketak egokiak ez direlako den (bai edukiei bai ikuspuntuari dagokionez) edo beste arrazoi batzuengatik den.  Zenbait adituk hori azaldu dute dagoeneko”.

Hori dela eta, Euskal Sozialistak Legebiltzar Taldeak Eusko Legebiltzarrean Legez Besteko Proposamen bat aurkeztu du. Horren bidez, Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio ospe handiko adituen talde bat sor dezan “euskararen ezagutza maila egiaztatzeko azterketa ofizialek egun duten orientabidea eta edukiak aztertzeko, batez ere EGA azterketa, lortzen diren emaitzak baloratzeko eta emaitzen arrazoiak aztertzeko”.  Legez Besteko Proposamena hurrengo bilkura-aldian eztabaidatuko da, eta ondokoa ere jaso du: egiaztatzeko azterketen inguruan "taldeak egokitzat jotzen dituen aldaketak proposatuko ditu urtebeteko epean”, beste hizkuntza batzuetan gertatzen dena aintzat hartuta, “egungo euskal gizartearen beharretara egokitzearren eta euskararen erabilera soziala zabaltzearren".

Proposamenak, gainera, nabarmendu du hizkuntza baten ezagutza maila ofizialki egiaztatzen duten agirien funtzioa oso garrantzitsua dela sektore pribatuan zein publikoan, eta oso inportantea dela Euskadin; izan ere, euskararen erabilera normalizatzeko politiken ondorioz, hizkuntza-profilen sistema zabaldu da herri administrazioetako eta horien menpeko lanpostu gehienetarako.

Zabaltze-politika horrek gizarte arlo guztietan euskararen erabilera eta ezagutza bultzatu badu ere, egiaztatzeko azterketen emaitzen bilakaera negatiboa da.   Azterketa gehienetan (EGA, HABE, IVAP), gaindituen kopurua ez da aurkeztutakoen herenera iritsi, eta berariazko maila batzuetan % 10ekoa da.  Gehien eskatzen den tituluari, EGAri, dagokionez, 82.058 pertsona aurkeztu dira azterketara azken sei urteotan, eta gainditutakoen kopurua % 23,33 da (19.114 pertsona); urteko gutxieneko kopurua % 21,48 da eta gainditutakoen kopuru handiena % 26,49.

“Alderdi soziolinguistikoak alde batera utzita ere, egiaztatzeko azterketen porrota maila  onartezina da.  Ezin ditugu begiak itxi porrotaren eta pertsona eragindakoengan dituen ondorioen aurrean”, azpimarratu du legebiltzarkide sozialistak.  “Argitu beharra dago azterketa egiten dutenei atxikitzeko moduko arrazoiengatik den, jaso duten trebakuntzagatik den, edo azterketak egokiak ez direlako den, filologia-eduki gehiegi dituztelako".

Beste berri batzuk...

Iruzkinak