Eusko Legebiltzarra PSE-EEren proposamenaren, Ibar Zaharra enpresa-parkearekin jarraitzekoaren, alde agertu da
Eusko Legebiltzarrak gaur goizean Legez besteko Proposamen bat onetsi du; horren bidez, Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio gobernu zentralari exiji diezaion “Ibar Zaharra (Sestao) enpresa-parkea abian jartzen amaitzeko behar diren lan eta jarduera guztiekin jarrai dezala”, Vicente Reyesek legebiltzarkideak aldeztu du proposamen hori ganberan, eta legebiltzarkide talde guztiak alde agertu dira, PP izan ezik, abstentzioa bozkatu baitu.
Testuak nazionalisten Jaurlaritzari eskatzen dio Bizkaiko Aldundiarekin eta Sestaoko Udalarekin batera (Ibar Zaharra elkarteko kide baitira) proiektua ondo amaitzeko behar diren jarduerak koordina ditzala, behin jakinda SEPIDES elkarteak (Espainiako Gobernuaren menpekoa da) jarduerak geldiarazi dituela, proiektuen idazketa barne, jada inbertsio handia egin bada ere.
Ibar Zaharra proiektuaren helburua, lurzoruaren hirigintza-promozioaren bidez enpresak ezartzeko zenbait jarduera sustatu eta garatzea da, baita zenbait pabiloi eta eraikin egitea, betiere Sestao eta Trapaga Harana udalerrietako hirigintza biziberritzeko prozesuari laguntzeko.
Jarduera horren bidez, erabiltzen ez den industria-ehunak hutsik utzi duen eremua biziberrituko litzateke, baita Vega Zaharraren eremu osoa ere. Azpiegitura moderno eta antolatuekin hornituko litzateke, industriako, hirugarren sektoreko edo zerbitzuetako enpresa berriei han kokatzeko aukera emanez. Horrela bada, enpleguen sorrera sustatuko litzateke. Euskadiko langabezia tasa handienetakoa duen eremu hau biziberrituko luke ekonomiaren eta gizartearen ikuspuntutik.






