Gaurtik aurrera Mendia da Euskal Sozialistak Taldeko burua
Kontroleko osoko bilkurara eramango du gizarte-agenda, eta Lehendakariari ere jakinaraziko dio idazkari nagusi hautatu ondoren egingo duten lehen bileran
![Idoia Mendia, Euskal Sozialistak Legebiltzar Taldearen burua [Argazkia: Euskal Sozialistak]](/upload/foto-original-Idoia-Mendia-al-frente-del-Grupo-Parlamentario-Socialistas-Vascos-Euskal-Sozialistak-Foto-Socialistas-Vascos-Idoia-Mendia-Euskal-Sozialistak-Legebiltzar-Taldearen-burua-Argazkia-Euskal-Sozialistak-542aa2571ac70.jpg)
PSE-EEko idazkari nagusia gaurtik aurrera Euskal Sozialistak Legebiltzar Taldeko burua da (Patxi Lopez izan da orain arte kargu horretan), taldearen ohiko bileran adostutako moduan. Bilera horretan, gainera, lan-doikuntza batzuk egin dira eta Rosa Fresno sartu dute.
Legebiltzar Taldearen berrantolaketan, batzordeetan eta osoko bilkuretan egin beharreko lanak ere banatu dituzte; izan ere, PSE-EEko idazkari nagusia, orain arte Legebiltzarreko legebiltzarkide aktiboena izan dena, organoetako batzuetan parte hartzeari utziko dio, baina lan handia egingo du izapidetzen diren gaien eta eztabaiden jarraipena egiteko.
Gizarte-agenda eta Urkullurekin topaketa
Hortaz, ostiralean, Kontroleko osoko bilkuran, Mendiak Urkulluri galdetuko dio Gizarte Larrialdirako Laguntzetarako aurtengo partida handituko duen edo ez, ikusi delako ez dela nahikoa eta udaletan agortzen direla. Gai horrez gain, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentak direla-eta behar bezala ordaindu ez diren kopuruak itzultzearen, zerga-iruzurraren, enpleguaren bilakaera negatiboaren (aurtengorako iragarpenak beste batzuk baziren ere) edo Gobernuak LOMCEri buruz duen jarreraren inguruan beste legebiltzarkide sozialista batzuek egin dituzten galderak eta interpelazioak ere gehituko dira.
Gizarte-agenda hori osteguneko Politika Orokorreko Osoko Bilkuran ere aipatu zen, eta Mendiak bihar Lehendakariari jakinaraziko dio lehen topaketa ofizialean. PSE-EEko Ez-ohiko Biltzarrean lider sozialistak eskatu zuen topaketa hori egitea. “Nahi dut lehendakariak jakitea zein lehentasun politiko zehaztu ditugun urte politiko honetarako. Ahal dugun guztia egin beharko dugu enpleguaren sorrera sustatzeko, eta enplegu horrek kalitatekoa izan behar du; horrez gain, krisiaren ondorioz sortu diren gizarte-desorekak zuzendu behar ditugu. Eta lehentasun horiek, Euskadiko herritarren lehentasunak dira, eta gure erreminten bidez aurre egin ahal diegu: diru-sarrerak handitzeko eta gastua hobeto banatzeko tresnak. Lehendakariarekin hitz egin nahi dut arazoak ebazteko eta helburu hori lortzeko eraginkorra ez den guztia zuzentzeko egin dezakegunaren inguruan. Berari dagokio helburu horrekin ados dagoen edo ez baloratzea”, azaldu du Mendiak.