Prentsa-aretoa

Berriak

Idoia Mendia: “Bozeramaile bati eta Lehendakariaren sailburu bati gauza ezberdinak esaten entzuteak zalantza handiak sortzen dizkit"

PSE-EEko idazkari nagusiak, Idoia Mendiak, utzi nahi dio lehendakariari, Iñigo Urkulluri, ostegunean “zehazki azaltzen” nola gauzatuko duen 2015eko euskal aurrekontua, aurtengorako diru-bilketa aurreikuspenak bete ez baitira, eta azpimarratu du alderdiak ez duela “murrizketa bakar bat ere onartuko” “funtsezkotzat” jotzen dituen partidetan. Onda Cerori eskainitako eta Europa Pressek jasotako elkarrizketa batean, agintari sozialistak hori esan du ostegunean lehendakariarekin egingo duen bileraren inguruan; “harreman arina izan beharko da aurrekontuaren gauzapenaren inguruko kontrola edukitzeko”

Mendiak azaldu du bilera eskatu zuela Gobernuko bozeramaile Josu Erkorekak eta Ogasuneko sailburu Ricardo Gatzagaetxebarriak zenbait adierazpen “kontraesankor” egin ondoren.

Gogoratu duenez, bozeramaileak iragarri zuen "zenbait murrizketa egin behar zirela" aurtengorako aurreikusitako dirua bildu ezingo zelako. Baina, biharamunean, Ogasuneko sailburuak esan zuen “aurtengo aurrekontuan ez zutela murrizketarik egin behar, eta aurtengo aurrekontutik gauzatzen ez dutenarekin nahikoa izango zela aurreikusitakoaren eta benetan izango dutenaren arteko aldeari aurre egiteko”.

Sortutako “zalantzak” direla-eta, agintari sozialistak URKULLURI “2015eko aurrekontuaren gauzapenaren amaiera nola kudeatuko duten zehazki azaltzeko" eskatu dio.  Ziurtatu du lehendakariari entzun nahi diola bileran, baina PSEk ez duela “murrizketarik onartuko enplegurako, gizarte-gaietarako, esku hartze ekonomikorako eta zerbitzu publikoetako partidetan”.

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren 2016rako aurrekontu proiektua ezagutzen ez badu ere, PSEk "funtsezko partidetan murrizketarik ere onartuko ez duela" ziurtatu du.  Hori dela eta, gogoratu du “2013ko akordiotik gatozela", eta horren arabera ekonomia-partida garrantzitsuak bideratu behar direla enplegu, zerbitzu publiko, ekonomia eta gizarte-funts arloetara.

Halaber, Eusko Jaurlaritza Lurralde Historikoen Legearen erreformari buruzko eztabaidan “zintzoa eta proaktiboa izatea” espero du, sozialistok "edozein gairi buruz eztabaidatzeko prest gauden bezala”, baita identitatearekin zerikusia duten gaiei buruz ere, nahiz eta horrekin ados ez egon.

Esan duenez, “Euskadi modernizatu behar da”, modu "berdintsuan" antolatu, baliabideak aurreztu eta etorkizunari ekin.  “Ezin dugu denbora galdu”, aldeztu du.

EAJk diputazioetan eta udaletan lortutako akordioen inguruan ere hitz egin du, eta esan du PSE pozik dagoela Gasteizen Gorka Urtaranen gobernuarekin duen harremanarekin.  Hori dela eta, “epe motzerako ez dugu aldaketarik aurreikusi”, ziurtatu du.

Idoia Mendia Onda Ceron elkarrizketatu dute
Idoia Mendia Onda Ceron elkarrizketatu dute

Beste berri batzuk...

Iruzkinak