Ikuskatzaileen eta zerga-agenteen kopurua bikoiztea proposatu du PSE-EEk zerga-iruzurrari aurre egitearren
Zerga-iruzurrari eta –ihesari aurre egiteko administrazio publikoek dituzten erremintak hobetu behar direla diote Euskal Sozialistek; hori dela eta, foru diputaturako hautagaien hauteskunde-programan hainbat ekimen aurkeztuko dituzte
EAJrekiko akordioaren bidez PSE-EEk sustatu duen zerga-erreformari esker, iaz 450 milioi euro bildu ahal izan ziren
Foru Ogasunetan 120 zerga-ikuskatzaile dituzte gutxi gorabehera, eta ikuskatzaileordeen kopurua zertxobait handiagoa da. Bitarteko horiekin, Euskadin, Ogasuneko ikuskatzaile bakoitzari 1.292 enpresa eta 9.625 zergadun dagozkio. Kopuru hori, kontrolatu beharreko zerga guztiekin biderkatu beharko genuke: PFEZ, Sozietateak, BEZ, Ondarea, Oinordetzak etab. Hortaz, ez dira nahikoak Euskadin dugun zerga-iruzur eta –ihesari aurre egiteko; izan ere, BPGren % 20koa da (2.500 milioi euro urtero).
Egoera horren aurrean, Euskal Sozialistek probintzia bakoitzeko diputatu nagusirako hautagaien hauteskunde-programan hainbat ekimen jasoko dituzte zerga iruzurtien aurrean “zero tolerantzia” printzipioa ezartzearren, gehien dutenei ordaindu behar dutena baino gutxiago ordaintzeko aukera ematen dizkieten lege-zirrikituak ixtearren. Ondokoak, besteak beste:
- Egun hiru foru Ogasunetan ditugun Zerga-ikuskatzaileen eta –agenteen kopurua bikoiztea (ikuskatzaileordeak eta zergen bilketa eta kitapeneko goi mailako teknikariak).
Gure ustez, kopurua handitzea inbertsio oso errentagarria da, ez baita gastua izango, baliabide gehiago eskuratzeko aukera baizik, kutxa publikoetatik ihes egiten dutenen baliabideak, alegia.
- Hiru foru Ogasunen arteko eta aipatutako foru ogasunen eta gainontzekoan arteko (Estatuarena eta Nafarroakoak) zerga-informazioaren trukea areagotzea, baita zerga-iruzurrari aurre egiten lagun dezaketen gainontzeko organismo publikoekikoa ere (Gizarte Segurantzako Altxortegia, Lanbide, Udalak etab.).
Foru Ogasunek ordenagailuak konekta ditzaten lortuta, elkarren arteko konexioa aktiboki erabili beharko dute iruzurtiek zerga-kontroletik ihes egin ez dezaten.
- Aldundiak eta Eusko Jaurlaritza Zergak Koordinatzeko organoan egiten ari diren Zergari aurre egiteko Urteko Plana Eusko Jaurlaritzan eztabaidatu eta onetsi beharko da, baita aurreko ekitaldiaren emaitzen berri ematen duen Txosten Integratua ere.
Iruzurrari aurre egiteko orduan helburuak definitzeko orduan eta ekitaldia amaituta emaitzak ebaluatzeko orduan denon artean egin behar dugulako, herrialde osoa ordezkatzen duen erakundean, eta ez zatika.
- Foru Ogasunek aurkeztutako salaketen ondorioz, zerga-delituren batengatik edo kapitalak zuritzeagatik justiziak kondenatu dituen pertsona fisikoen eta enpresen izenak jakinaraztea.
Gure ustez, iruzurti handiek, denon Ogasunaren baliabideak lapurtzen dituztenek, jendearen gaitzespena ere merezi dutelako.
Euskal Sozialisten idazkari nagusiak, Idoia Mendiak, prentsaurrekoa egin du Bizkaiko eta Gipuzkoako diputatu nagusirako hautagaiekin, Carlos Totorika eta Denis Itxasorekin, eta esan du PSE-EEk "Euskadin zerga-politikaren oinarrizko lerroak definitu behar direla eta euskal herritar guztiak ordezkatzen dituen erakunde honetan adostu behar direla, Eusko Legebiltzarrean, alegia”. “Ekonomia Itunak eskaintzen dizkigun gaitasunak modu progresiboan eta herrialde izaeraren arabera erabil ditzagun nahi dugu”, gaineratu du.
