Prentsa-aretoa

Berriak

Lasarte: “Oker batengatik oso garesti ordainduko ditugu denok zenbait ardura politiko”

“Norbaitek onartu behar du txikizioan izan duen funtzioa, eta exijitu egingo dugu”, esan du Javier Lasartek

“EAJren eta PPren arinkeriagatik 30 milioi euro gutxiago izango ditugu”

Javier Lasarte, Batzorde Exekutiboan
Javier Lasarte, Batzorde Exekutiboan

Dirubideen Euskal Kontseiluak bihar erabakiko du nola ordainduko duten Jaurlaritzaren eta Aldundien artean 30 milioi euroko isuna. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak jarri du aipatutako isuna, 2006ko Auzitegi horren epaiak agindutakoa ez betetzeagatik eta “zerga-oporrak” berreskuratzeko orduan atzeratu direlako. Auzitegiaren iritziz, zerga-pizgarri horiek europar lehiakortasunaren arauen aurkakoak dira.

“PSE-EEren ustez, isunaren kostua banatzearekin ez da gertakari tamalgarria amaituko.  Euskal herritar guztiok gutxi batzuen akatsa ordainduko dugu, eta gutxi horiek izen-abizena dute.  Eta pertsona horiei exijitu ahal zaien gutxienekoa da —eta pertsona horietako batzuk Dirubideen Euskal Kontseiluaren bileran eseriko dira— gertatutakoan duten ardura jendaurrean onartzera eta estrategia suizida horrekin huts egin dutela adieraztea", esan du Batzorde Exekutibo sozialistako Ekonomiako idazkari Javier Lasartek.

“Orain arte ez dute hori egin.  Oso bestelakoa egin dute, saiatu dira begiradak beste alde batera bideratzen, eta nahasteko eztabaidak sortu dituzten zer erakunde eta bakoitzak zenbait ordaindu behar duen finkatzearen inguruan.  Egia bakarra da 30 milioi euroak EAJk eta PPk Foru Aldundien aurrean egin dituzten okerren eta erakutsi  nahi izan duten nagusikeriaren ondorioa direla; izan ere, biderik okerrena hartu zuten Europar Batzordearekiko auzia ebazteko orduan, hots, inbertsioengatiko zerga-pizgarrien inguruan ("zerga-oporrak") laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran sortutako auzia ebazteko.

Jarritako isuna ez da jarri legea ez betetzeagatik, baizik eta Aldundiek berandu bete zutelako 2006an Europar Epaimahaiak emandako sententzia, Europar Batasuna gutxietsi eta erotu ondoren. Horretarako, zenbait informazio ezkutatu zuten, ahozko bistan Europar Auzitegiko abokatu nagusiak jaso zuen moduan.

“Norbaitek onartu behar du txikizioan ardura izan duela, eta PSE-EEk dagokion erakundeetan eskatuko du.  Ezin dugu onartu 30 milioi euro galtzeak istripu soil moduan ikustea, behar-beharrezkoa baitugu diru hori”, gaineratu du Javier Lasartek.  “Kopuru hori ez da gai txikia, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak esan bezala:  30 milioi euro, Jaurlaritzak aurten udalerrietako langabetuak kontratatzeko erabiliko duen kopuruaren bikoitza baino gehiago da.  Ez da gertatu Europak Euskadi ulertzen ez duelako, nazionalismoak argudiatu moduan, batzuek Europako arauak ulertu nahi ez dituztelako baizik”.

PSE-EEk zehaztu nahi du Europar Batasunak ez duela inoiz zalantzan jarri lurralde historikoak enpresei zerga-laguntzak emateko gaitasuna dutenik, ezta Itun Ekonomikoa ere.  Europar Batzordeak kontra egin zion, eta Europar Batasunak berretsi zuen, hiru Foru Aldundiek laurogeita hamarreko hamarkadan ezarritako pizgarriak, “zerga-oporrak” deitutakoak, eta zenbait inbertsiorengatiko % 45eko zerga-kreditua aplikatu zutelako zenbait europar arau urratuz, eta aldez aurretik Bruselari jakinarazi gabe.

Europar Batasunak 2001ean esan zuen pizgarriak ez zirela legezkoak.  Hala ere, EAJk eta PPk kudeatutako aldundiak, Confebasken patronalaren laguntzarekin, emandako laguntzak berreskuratu beharrean, Bruselak esan bezala, aurrera egiten saiatu ziren.  Lehendabizi, porrot egin duen baliabideen estrategia batekin, eta Batzordeari eskatutako informazioa ukatuz; eta, ondoren, arduragabe atzeratuz pizgarriak berreskuratzeko aukera, ez baitzuen horrekin hasi 2011ra arte, Europako Auzitegiak epaia eman eta sei urte igarota, eta iaz arte ez zuten amaitu.

“Horregatik euskal herritarrek 30 milioi euro ordaindu beharko dituzte:  oraindik aurpegia eman ez duten eta ardurarik gain hartu ez duten pertsonek hartutako erabakiek", esan du amaitzeko PSE-EEko Ekonomiako idazkariak.

Beste berri batzuk...

Iruzkinak