Madina: “Rajoyren aurrekontuek Euskadi ahaztu dute eta gure gizarte-ereduaren muinari egin diote eraso"
Euskal sozialisten diputatu eta senatariek, Rajoyk aurkeztutako Estatuaren Aurrekontu Orokorrei zenbait zuzenketa aurkeztuko dizkiete, Euskadi “ahaztu” dutelako eta “mehatxu" bat direlako; Euskadin inbertsioek ia % 50 egin dute behera espainiar eskuineko gobernuaren azken bi ekitaldi hauetan
Talde Sozialistak kongresuan duen idazkari nagusiak, Eduardo Madinak, esan du kezkatuta dagoela PPren gobernuak diseinatutako Estatuaren Aurrekontu Orokorrak “mehatxu” bat direlako, bai Ongizateko Estatuaren gizarte-eredurako, bai Euskadirako; erkidego honetan azken bi ekitaldi hauetan inbertsio zuzenek ia % 50 egin dute behera. “Espainiar eskuinarentzat Euskadi ez da inoiz estrategikoa izan, eta are gutxiago gaur egun”, esan du Madinak.
Euskal sozialisten diputatu eta senatariek, Bilbon gaur prentsaurrekoa egin dute jakinarazteko Talde Sozialistak zer aukera aurkeztuko dituen Rajoyren gobernuak egindako Aurrekontu Proiektuaren aurrean. Bost zuzenketa bloke egin dituzte, trenbide azpiegituretan, euskal y grekoa eraikitzen atzeratu ez daitezen; ikerketan, garapenean eta berrikuntza teknologikoan, aurrekontuetan ahaztutako "alor nagusietako bat" baita; ingurumenean, ibaiertzak lehengoratzeko eta hiri eremuen garapena hobetzeko; kultura arloan, Donostia 2016an Europar hiriburu izatearekin eta zinemaldiarekin loturako jardueretarako, aurrekontu honetan horiek “mespretxatu" baitituzte, eta osasunean, hezkuntzan, mendetasunean, gizarte politiketan eta pentsioen erreforman inbertsio publikoarekin amaitzeko joerari aurre egiteko.
Madinak azaldu duenez, gobernuari “gogorarazi" nahi diogu euskal herritarrak “aintzat hartu behar dituztela, beste autonomia erkidegokoak bezala" eta ezin dutela inbertsio zuzenetan % 47ko murrizketa eduki. "Euskal Sozialistak hemen gaude hori gogorarazteko, politika mailan diskurtsoaren bidez eta ekonomia mailan zuzenketen bidez gogoratuko diegu” aipatu du.
