Prentsa-aretoa

Berriak

Memoriaren mapa inolako faltsukeriarik gabe amaitzearen alde egin dute Sozialistek Eusko Legebiltzarrean

Rodolfo Ares Euskal Sozialistak Legebitlzar Taldearen bilera batean
Rodolfo Ares Euskal Sozialistak Legebitlzar Taldearen bilera batean

Alderdi Sozialistak gaur Eusko Legebiltzarrean aldeztu egin du Memoriaren Mapa “faltsukeriarik gabe” amaitu beharra dagoela, hots, aurreko legegintzaldian Patxi López lehendakariaren gobernuak sustatuko mapa.  Horregatik, Popular Taldearekin eta UPyDrekin batera, ekimen horren alde egin du, eta euskal udalei eskatu die “Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, Memoriaren Mapa osa dezaten eta, horretarako, terrorismoaren biktimak hil zituzten leku guztietan zenbait oroigarri eta oroimen-plaka jarri beharko dituztela”. Gainera, Espainiako gainontzeko udalei eskatu die gauza bera egin dezatela terrorismo-hilketak egin diren lekuetan.

“Ezin ditugu terrorismoaren biktimak ahaztu — esan du Rodolfo Aresek Eusko Legebiltzarrean—. Ondratzen eta gogoratzen jarraitu behar dugu, terrorismoak gure herrian sortu duen kaltea, mina eta sufrimendua ahaztu ez dezagun.  Memoriaren politika bat ezinbestekoa da aniztasunean oinarritutako etorkizuna eta bizikidetza demokratiko sendoa eraikitzeko.  Hori dela eta, Memoriaren Mapa sustatu eta sustatzen jarraituko dugu, baina faltsukeriarik gabe:  terrorismoaren biktimentzat, baina indarkeria orokorreko biktimekin nahastu gabe, Gobernuan ardurak dituzten batzuek nahi duten bezala.  Aukera horrek adostasunak hautsi baino ez du egiten.  Eta Eusko Jaurlaritzak ahalegin handiena egin behar du adostasun horiek berreskuratzeko”.  Talde Nazionalistaren ordezkari Iñigo Iturrateri, EH Bildutik jaso duen babesari dagokionez, Rodolfo Aresek eskatu dio “argi dezala bere alderdiak orain arte lortutako adostasunekin jarraitu nahi duen edo ez, nahiago baduen beste batzuekin ados jartzea".

“Ez gaude herri honetan jasan ditugun beste indarkeria batzuk gogoratzearen aurka—, zehaztu du Rodolfo Aresek—.  Izan ere, Patxi López lehendakariaren gobernuak arautu zuen lehendabiziko aldiz halako egoeretarako berariazko arau bat, eta bere esparrua badu.  Oinarrizko giza eskubideen bortxaketa jasan dituzten biktima guztiak gogoratu behar ditugu, baina egoera ezberdinak nahastu gabe, jatorriak ere ezberdinak direlako".

Horren harira, Rodolfo Aresek gogoratu du Memoriaren Mapak Terrorismoaren Biktimen Legeak aurreikusitakoa garatzen duela. Aipatutako Legea 2008an onetsi zuen Eusko Legebiltzarrak. Lege horrek, legebiltzarkide sozialistak gogoratu duenez, esaten du “gure bizikidetzaren geroa terrorismoaren biktimen memoriaren gainean eraiki behar dugula halabeharrez”.  "Hori dela eta —gaineratu du Rodolfo Aresek—, ezin dugu dena nahastu.  Eta sozialistok ez dugu lagunduko terrorismoaren ekintzen ardurak eta ekintza horien alde egin edo horiek justifikatu zituztenen ardurak arintzeko, ez zuzenean, ez zeharka”.

Beste berri batzuk...

Iruzkinak