Mendia: “Arabako erakundeak egonkortzeko egingo dugu lan, baina koherenteak izango gara EAJrekiko akordioaren oinarriekin”
PSE-EEko Batzorde Exekutiboak balantze “ona” egin du EAJrekin izenpetutako akordioa dela-eta, Andoainen sortutako egoera alde batera utzita; izan ere, EAJk ez du ituna bete, eta Maider Lainez sozialistak izan behar zuen herri horretako alkatea. “Herritarrek ez digute eskatzen lagun izatea, arazoak ebaztea baizik. EAJrekiko akordioa herritarren eskari horri erantzun ahal dio”, azaldu du Euskal Sozialisten idazkari nagusi Idoia Mendiak.
Bilboko PSE-EEren egoitzan eskaini duen prentsaurrekoaren bidez, une honetan Sozialistek duten kezka nagusia Gasteiz hiriaren banaketa-egoera dela azpimarratu du, eta aurreko larunbatean hori ikusi zela dio. “PPren politiken kudeaketa txarrak eta, bereziki, Marotoren kudeaketak sortu du hiriaren banaketa”, gaineratu du.
Idoia Mendiaren ustez, udal eta foru gobernuak egonkortzeko unea da, langabeziari aurre egiteko eta zerbitzu publikoen aldeko politiketan lan egin ahal izateko, “eta horren alde jarraituko du PSE-EEk lan egiten, betiere izenpetutako akordioaren oinarriekin bat etorriz” “Gure lehentasuna gasteiztarrak batzea, hiria jostea izango da”, azaldu du.
Arabako hiriburuan sortutako egoera dela-eta, Mendiak azaldu du alderdi bien arteko negoziazioek aurrera egingo dutela, eta Sozialistek “lan egingo dutela Gasteiz eta Arabako gobernuei egonkortasuna emateko”, baina horrek ez du esan nahi udal gobernuan izango dela EAJrekin batera.
Mendiak azpimarratu du euskal gizarteak alderdi politikoei elkar ulertzeko eskatzen diela, alderdien aniztasuna handia den garai honetan, “arazo berbera dugu oraindik ere: Euskadiko 161.000 langabetuei arreta egitea”. Eta horixe izan zen PSE-EE eta EAJ alderdiek 2013ko irailean sinatutako akordioaren arrazoia, eta foru eta udal mailan egun sinatutakoaren oinarrietako bat ere bada.