Mendia: “EAJk Euskadi hiru hamarkada eta bi urte Udalen Legerik gabe egotera kondenatu du"
PSE-EEren ustez, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako aurreproiektuak agerian utzi du EAJren alderdikeria, sozialisten 2011ko proiektua blokeatu baitu

“Urkulluren gobernuak atzo aurkeztutako Udalen Legearen aurreproiektuak erakutsi egin du EAJk alderdikeria osoz jokatu duela, Patxi Lopezen gobernuak aurreko legegintzaldian aurkeztutako proiektuaren tramitazioa blokeatu baitu”, azaldu du PSE-EEko bozeramaileak, Idoia Mendiak.
“Dirubideen Euskal Kontseiluan Eusko Jaurlaritzarekin eta Aldundiekin batera Itun Ekonomikoaren baliabideak banatzeko orduan udalek botoa eta hitz egiteko aukera izan dezaten finkatu den prozedura, 2011n gobernu sozialistak aurkeztutako proiektuaren antzekoa da. Izan ere, gai horrengatik aurkeztu egin zion batik bat errekurtsoa Bizkaiko Aldundiak Ebazpen Batzordeari, eta horrek legearen tramitazioa geldiarazi eta saihestu zuen”, azaldu du Mendiak. "Argi dago EAJk alderdiaren interesen arabera jokatu zuela”.
PSE-EEren iritziz, EAJ pozik dago orain, 2011n formula hori Bizkaiko Foru Aldundiaren bidez "Lurralde Historikoen Legeak eta Estatutuak xedatutako foru eskumenen eraso zuzentzat jo bazuen ere"; horrek argi utzi du zergatik blokeatu zuen aurreko proiektua. “Ez du ematen batzuek muturreko foralista izateari utzi diotenik udalen aldeko bihurtzeko. Hori dela eta”, esan du Idoia Mendiak, "ondorioztatu beharra dugu une hartan EAJk jokatu egin zuela gobernu sozialistak sustatutako Udalen Legea oztopatzearren”. Horrek agerian utziko baitzuen, besteak beste, hogeita hamar urtean jeltzaleek kudeatutako autogobernuak ezin izan duela lege hori egin”.
Ondorioz, Euskadi erakunde-markoa udalen esparruaren arauketarekin osatuta ez duen autonomia erkidego bakarra da; hortaz, euskal udalen autonomiak eta gaitasunek eraso handiagoak jasateko arriskua dute, esaterako, PPren tokiko Administrazioaren Arrazionalizazioaren eta Iraunkortasunaren Legeak jasotakoak. “EAJk, bere interes eta kontraesanengatik, Udalen Legerik gabe utziko ditu euskal herritarrak hiru hamarkada eta bi urtez, 1983an onetsitako Lurralde Historikoen Legearen ostean onetsi behar baitzuen. Gainera, Urkulluren gobernuak ezin izan ditu bete proiektu hori aurrera ateratzeko finkatutako epeak”, nabarmendu du PSE-EEko bozeramaileak.
Hori dela eta, Herri Administrazioko sailburuak iragarritako epeak betetzen badira, Jaurlaritzak ez du aurreproiektua onetsiko datorren udazkenera arte eta, beraz, 2015. urtera arte ez dira legebiltzarrean izapidetzen hasiko.
PSE-EEk aurreproiektu osoaren edukia aztertuko du zehaztasun handiagorekin, eta azterketa horren ondorioz adieraziko du zein den bere jarrera. “Udalerrien autonomia aldeztuko dugu, herritarrengandik hurbilen dagoen erakundea delako, baita erakundeen arteko eskumen-esleipen arrazionala eta baliabide publikoen banaketa bidezkoago eta egokia ere”, azaldu du Idoia Mendiak.
“Udalekin historian barrena izan dugun konpromisoa aintzat hartuta, eztabaidatzeko eta negoziatzeko prest gaude, Euskadik Legeen Udala izan dezan. Eta azken proiektua printzipio horiei nola erantzuten dizkien kontuan izanik adieraziko dugu gure jarrera”.
“Baina ez dugu inolaz ere filubusterismorik egingo”, esan du PSE-EEko bozeramaileak, “eta ez ditugu Euskadiren interesak, udalerrienak eta herritarrenak gure alderdien interes partikularren mesedetan sakrifikatuko”