Mendia: “Euskadiko arazoak langabezia eta krisia dira oraindik ere”
Erabakitzeko eskubideak ez du ezer esan nahi ez bada zehazten nork erabakitzen duen zer

Ekainaren 9an euskal gizartearen arazoak eta lehentasunak ekainaren 7an eta urtarrilaren 1ean zituenak dira: ekonomia-krisitik irtetea gure gizarte-ereduan ahalik eta kalte txikiena eginez, milaka langabetuen egoera ebaztea eta ongizateko aukerarik gabekoei etorkizun itxaropentsua eskaintzea.
Alderdi Sozialistari kezkatzen dion kopurua ondokoa da: 175.000 euskal herritarrek lan egin nahi dute baina ezin dute, eta familia askok gaizki pasatzen dute hilea amaitzeko.
Horixe izan behar dugu kontuan Iruña eta Durango artean Gure Esku Dago Plataformak sustatuta egin den giza katearen irudia ikusitakoan.
Igandean errepideetara irten zirenak, antolatzaileen esanetan, erabakitzeko eskubideagatik irten ziren. Baina ustezko eskubide hori ia-ia ez da ezer ez bada zehazten zer erabaki nahi den, nork erabaki nahi duen, nola gauzatuko den erabaki hori eta noiz. Abstraktua da oso, pentsatzeko eta zoriontsu izateko eskubideak bezala. Nork ez du izan nahi?
Baina, ideia hori sustatzen dutenek ezin dute iruzurrik egin. Denok dakigu zer alderdik eta antolakundek sustatzen duten gure herrian erabakitzeko eskubidea: nazionalisten fedekoek. Eta denok dakigu zer nahi duten erabakitzea, batzuek berariaz esan nahi ez badute ere.
Badakigu, besteak beste, igandeko giza katearen oinarri den lekuan, Katalunian, oso argi dagoelako sustatzaileek zer nahi duten erabaki: independentzia, Estatu bereizi bat sortzea, eta ez erabaki daitezkeen beste gauza batzuk.
Hortaz, igandeko manifestazioa errespetagarria iruditzen zaigu. Baina horixe baino ez da, manifestazio bat, harik eta horren atzean dauden alderdiek eta antolakundeek —herri honetan denok ezagutzen dugu elkar eta badakigu zer bat-bateko diren “herri-ekimenak”— herritarrei benetan zer asmo dituzten argitu arte.
Atzo ustezko eskubide bat aldarrikatu zuten, baina, batez ere, eskubide horren “subjektu" bat finkatu nahi izan zuten; horretarako, bi autonomi erkidego bereiziren artean giza kate bat egin zen eta, kuriosoa bada ere, kanpoan utzi zuten erabaki horren xede den Euskal Herriko beste lurralde-esparru bat.
Alderdi Sozialistak argi du zer proposatzen duten, ez dugu ezer ezkutatuko. Gure ustez, Euskadin egunero-egunero gai askoren inguruan erabakitzen dugu, eta erabakitzen jarraitu nahi dugu, elkarrekin bizitzeko eta aurrera egiteko. Ez dugu behin eta betiko erabaki nahi, identitateen eta aberasten gaituzten loturen aurrean bai edo ez esanez, nahiago dugu elkarrekin aurrera egiten jarraitu.