Mendia: “Eusko Jaurlaritzak kontrako-txosten bat egin du bikoiztasunik ez dagoela adierazteko"
Idoia Mendiaren esku-hartzea
Gaur, Gobernuak aurkeztutako Euskadiko Erakundeen Funtzionamenduari eta Azterketari buruzko Txostena baloratzeko dei egin zaituztegu.
Dakizuen bezala, txosten hau Foru Aldundi eta Eudeleri helarazi zaie bere azterketarako. Eta egin beharreko lehenengo balorazioa zera da: kontrako-informe huts baten aurrean gaude.
Gobernuak, gure instituzioen artean dauden bikoiztasunak aztertu ordez, aurreko Gobernuak egindako informea, puntuz-puntu, erantzutea besterik ez du egin. Are gehiago, bikoiztasunaren zentzu propia eztabaidatu du.
Bere ustez, euskal instituzioen artean ez dago eskumen arazorik. Guztiz eraginkorrak gara eta, izatekotan, koordinazio eta ebaluazio sistema gehiago ezarri behar izango dira. Hau da, burokrazia gehiago.
Guztiz penagarria da. Urkulluren Gobernuak ez du gure egitura instituzionalean pentsatzen. Gure herria nola modernizatu edota hobetu ez zaio axola.
Ez dago ezer ikutu behar, inor ez hazerretzeko.
Beraiek, beren obsesio identitarioekin jarraitzen dute eta bestea, bost axola.
Dakizuenez, azken asteotan Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko Erakundeen Azterketari eta Funtzionamenduari buruzko Txostena egin du. Horren bidez, gure erakunde-arkitektura halabeharrez aldatzeko eztabaidari ekin nahi dio.
Agiri hori Eusko Legebiltzarreko Bikoiztasunei buruzko Ponentziara bidali behar da Ponentziak eztabaida dezan. Hala ere, lehen azterketa eginda, Euskal Sozialistoi ez zaigu bat ere gustatu txosten hori.
Ez da txosten bat, aurreko legegintzaldian Gobernu Sozialistak bikoiztasunei eta eraginkortasunei buruz egin zuen azterketaren kontrako txosten hutsa baizik.
Azterketa horrek, gure erakunde-egituran ditugun zenbait arazotan sakondu beharrean (bikoiztutako eskumenak, administrazioen arteko bikoiztasunak, beharrezkoak ez diren gastuak, burokrazia gehiegi izate, etab.) helburu bakarra duela ematen du: aurreko txostenaren puntu guztiak bertan behera uztea, modu horretan, neurririk hartzeko aukera ez onartzeko.
Gainera, aurreko txostena gauzatzeko zenbait azterketa egin baziren eta programak alderatu baziren, kasu honetan ez dute halakorik egin. Ondorioak atera dituzte aldez aurretik frogarik eskaini gabe.
Ez da txosten analitiko, teknikoa —eta horixe eskatu zitzaion Gobernuari—, aurrekoa osatzeko eta Ponentzian lan egiteko eta eztabaidatzeko oinarria zatekoa. Txosten ideologikoa da, eta eztabaidarekin amaitu nahi du eztabaidatzen hasi baino lehen. Legebiltzarrari ondoko irizpena ezarri nahi dio: ez dago bikoiztasunik eta, beraz, ez dago ezer aldatzerik.
Eta oso kezkagarria da hori.
Ibilbide laburreko eztabaida politikoak alde batera utzita, krisiak agerian jarri du premiaz ekin behar diogula eztabaida horri, Euskadin urte luzez atzeratu baitugu.
Oso herri txikia gara, 2 milioi bat biztanle ditugu, baina herri honetan lau erakunde-maila ditugu (gobernu zentrala, euskal gobernua, aldundiak, 250 udal baino gehiago), euren funtzioek talka egiten dute etengabe, eta zenbait eskumen definitzeke daude oraindik.
Gure erakundeen funtzionamenduaren inguruan berriz pentsatu behar dugu, eta ikusi behar dugu zer neurri hartu eraginkorrago izateko eta herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko.
Kudeaketa publikoan efizientzia bada behar bezala gobernatzeko printzipio orokorra, estutasunen garaian aplikatzeko arrazoiak gehiago dira, gastu publiko guztiak zehatz-mehatz aztertu behar baititugu.
EAJri ez zaio hori eztabaidatzea interesatzen. Ez zaio inoiz interesatu, Sabin Etxean arazoak sortzeko beldur baita.
Horrela baino ezin dugu azaldu garrantzi handiko gai horren inguruko erantzuna kontrako-txostena izatea.
Txosten horrek zuzenean ukatu egin du euskal administrazioen artean bikoiztasunik dagoenik, eta bikoiztasunaren beraren kontzeptua ere zalantzan jarri du; gainera, lankidetza eta koordinazioa areagotu, eta ebaluazio prozesu gehiago gauzatu baino ez dela egin behar dio (hau da, burokrazia, bitarteko gehiago, erraztasun eta azkartasun handiagoa eskatu beharrean).
Koordinazio horretan sakontzeko, maila anitzeko organo bat sortzearen aldekoa da, Politika Publikoen Euskal Kontseilua, hain zuzen. Guk aurkeztutako Udalen Lege Aurreproiektuak jaso zuen organo hori (txostenak ez du datu hori aipatu), baina guk esleitutako funtzioak baino gutxiago izango ditu.
Bikoiztasunen eta eraginkortasunen inguruan ekarpen bakarra egin du: Ordezkaritzaren edo Gobernuaren funtzioak zalantzan jartzea (eta horretarako oso argudio bitxia erabili du: Euskadin “estatuaren ordezkari arrunta” Lehendakaria dela); gainera, Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak atzera egin dezaten eskatu du. Eta agian hori aztertu beharko genuke, baina, hala eta guztiz ere, ez du ematen Eusko Legebiltzarrak horren inguruan arautzeko eskumena duenik.
Horretan bai, bikoiztasunak ikusi ditu. Horretan bai, eraginkortasun ezak ikusi ditu.
Hortaz, beharrezko eztabaidari ekin beharrean, gure erakunde-egitura egoki berritzeko oinarriak jarri beharrean, Urkulluren gobernu nazionalistak nahiago du bere obsesioetan jarraitzea.
Herritarrek argi eskatu badute ere, mahai gainean legebiltzarraren eskaera jarri bada ere, aurreko Gobernuak bide horri ekin badio ere, EAJk egindako lan guztiak bertan behera utzi du, eztabaida ukatu du eta berriz Espainiarekin dituen arazoek hitz egiten hasi da.
Horrelakorik ez. Horretarako sortu duzu, jada, Estatus Berriaren Ponentzia, guk gehiegi atsegin ez badugu ere.
Beste gauza batez hitz egitera etorri gara hona.
Gaurko gaia bestelakoa da: zergatik ditugu Euskadin 250 entitate ekintzailetza sustatzeko.
Ourense baino handiagoa ez den lurralde batean, zergatik ditugu hiru aireportu (horiek sustatzeko sozietate publikoak eta guzti), edo hiru enpresa publiko autobideak kudeatzeko.
Gero eta egitura publiko gehiago daude lurzoruaren kudeaketaren edo ingurumenaren politikaren inguruan lan egiteko, eta horretaz hitz egin behar dugu.
Horrek guztiak zer kostu duen, eta zenbat aurrez dezakegu beste behar batzuetarako jakin nahi dugu.
Ezin da lankidetzan ari ezta turismo-politikan ere, ezen Fiturren Euskadiren standa, Bizkaikoa eta Bilbokoa baititugu.
Erokeria hori gelditu behar dugu.
Eta hasteko, ezin zaio jendeari gezurra esan. Euskadin administrazio gehiegi ditugu, eta hori berrikusi behar dugu.
Euskal Sozialistok gain hartu dugu erakunde-egitura berritzeko konpromisoarekin, betiere, arrazionaltasun, legaltasun eta efikazia irizpideak aintzat hartuta. Aurreiritzirik gabe, baina taburik gabe.
Guk geuk sustatu genuen aurreko legegintzaldian, Gobernuan geundela, eztabaida hori, eta eztabaidatzeko oinarriak jarri genituen.
Zenbait proposamen serio egin dugu bide horretan aurrera egiteko. Batzuk abian ziren jada (iruzurrari aurre egiteko baterako plana edo euskal Ogasunen arteko informatika bidezko lotura). Beste batzuk orain dela zenbait hilabetetik aldeztu ditugu: jarduera-esparru bakoitzerako enpresa publiko bakarra jartzekoa, adibidez.
Administrazioen eskumenak berrikusi behar ditugu banaketa logiko eta arrazionala egitearren.
Horretarako, lehendabizi borondatea behar da. Eta, zoritxarrez, aurkeztu duen kontrako-txostena dela-eta, EAJk ez duela borondate handirik ikusi dugu.
Aurrekoek egindako lanari buruzko kontrako-txostena da, bai, baina baita erakunde-ordezkariek eta aurreko legegintzaldian Legebiltzarrean agerraldia burutu zuten adituek egin duten lanaren aurkakoa. Sozialistek eskatuta, euren ikuspuntua azaltzearren agertu ziren aditu horiek. Eta guztiek esan zuten egungo egitura berrikusi behar dela. Denek, bat izan ezik: Bizkaiko diputatu nagusia. Eta Urkulluk, Bizkaiko diputatu nagusiaren tesia hartu du, zenbait alkateren (nazionalistak batzuk eta beste batzuk ez), beste bi diputatu nagusien, Garaikoetxea lehendakari ohiaren, euskal autonomia abian jarri zutenen eta adituen tesien aurka.
Urkulluk Bizkaiko diputatu nagusia aukeratu du gainontzeko herrialdea aukeratu beharrean. Gaizki hasi da, horrela oso zaila izango zaio gutxiengoa duen gobernuari adostasunik lortzea.
Gainera, kontrako-txosten hori, EAJk eta sozialistek gai horren inguruan irailean adostutakoaren aurkakoa da, 2015. urtea amaitu baino lehen Lurralde Historikoen Legea aldatzeko beharra barne.
Horregatik, Urkullu jaunari gaiari seriotasunez ekitea eskatzen diogu. Sabin Etxeko korridoreetan oraindik egon daitezkeen mamuak ahazteko, Lurralde Historikoen Legeak aipatzeak soilik sortzen dituen beldurrak gainditzeko. Eusko Legebiltzarra errespetatzeko eta, benetan, gaurko arazoak ebazteari ekin diezaion.
Horixe dela herriak duen benetako erronka modernizatzeko eta herritarren beharrei modu eraginkorrean erantzuteko.
Eta Gobernuak bere mamuak erabiliko baditu beharrezkoa den erreforma ez egiteko, Sozialistok ekimena hartuko dugu berriro ere, eta errektifikatzera behartuko zaitugu Euskadi modernoago, solidarioago, iraunkorrago eta lehiakorragoa lortzeko, aurreko legegintzaldian holako Euskadi eraikitzen hasi ginelako eta Lehendakariak berak irailean lan hori bere gain hartu zuelako.
