Prentsa-aretoa

Berriak

Mendia: “Sozialiston ustez, eskubideak, etxebizitza izatearena barne, ez dira negozio egiteko”

Euskal Sozialisten idazkari nagusiak salatu du EAJri “mozorroa erori zaiola” Etxebizitzaren Legearen aurka agertu denean, etxebizitza edukitzeko eskubidea onartzen baitu legeak

Mendiak azpimarratu du maiatzaren 24ko hauteskundeen ondorioz alkate sozialista asko izan beharko ditugula “herritarren interesak aldezteko, eta ez alderdien interesak”

Idoia Mendia, Carlos Totorika eta Luis Felipe Finker Sestaon
Idoia Mendia, Carlos Totorika eta Luis Felipe Finker Sestaon

PSE-EEko idazkari nagusiak, Idoia Mendiak, EAJri eskatu dio "utz diezaiela lantalde berriei, estatus berriari eta banderei”, eta “has dadila lan egiten euskal herritarren benetako arazoak ebazteko”.  Gainera, bere alderdirako botoa eskatu du "etxebizitza benetako eskubidea izan dadin eta ez aberatsen ondasun esklusibo bat”. Bere ustez, “euren burua sozialkristautzat jotzen duten jeltzaleei mozorroa erori zaie”.

Mendiak parte hartu du Sestaon (Bizkaia) igandean egindako ekitaldi batean. Mendiarekin batera, Bizkaiko diputatu nagusirako hautagai Carlos Totorika eta Alkatetzarako hautagai Felipe Finker izan dira.

Euskal Sozialisten burua pozik dago Ezkerraldean; izan ere “hantxe dago Alderdi Sozialistaren indarra, herri langile horretan. Herri horrek ondo daki lan handia egin behar duela ogia irabazteko, jarraitzen du lan egiten eta sufritzen du aurrera egin ahal izateko".

Hori dela eta, gogoratu du auzoan sortu ziren Ontziola eta Labe Garaiak, eta “hemengoak dira” lanaren eta sakrifizioaren bidez Bizkaia aberats egin zuten langileak.  “Herri hau altxatu zuten langileen seme-alabak gara, euren eskubideak aldezteko batu ziren eta lehen elkartasun-sareak sortu zituzten langileen seme-alabak.  Eta gaur, 50 eta 100 urte igaro direla, borrokarako jarrerak, konpromisoak, gizarte-justiziarako nahiak gidatzen gaituzte oraindik ere”, gaineratu du.

PSE-EEk gogoratu du egun jarraitzen duela borrokatzen “lanaren ordez soldata duina irabazteko, belaunaldi berriek gerora begira aukerak izan ditzaten lortzeko, adineko pertsonek erretiro egokia izan dezaten lortzeko, babesik ez duenari laguntzeko eta denok bizitza duina izan dezagun lortzeko”.

“Hauteskundeak ere horren ingurukoak dira, benetan garrantzitsua den horretan aritzeaz, langabeziak, desberdintasunaz, etxebizitzaren gabeziak hitz egiteko”, gaineratu du.

“LAN EGIN”

Hori dela eta, ondokoa nabarmendu du: "ponentziak, estatus berriak eta banderak alde batera utzi, eta egun gure bizilagunek dituzten arazoak ebazteko egin behar dugu lan”.

Horren harira, Sestaok “arazo oso handiak" dituela gogoratu du; izan ere, Euskadiko langabezia-tasa handiena du, herritarren ia erdiak langabetuak dira orain dela bi urte baino gehiagotik, eta Bizkaiko industriak, "lurraldeko eragile handienak, 760.000 pertsonarentzako lana baino ez du".

"Industria Ekoizpeneko Indizea motel dabil, eta hori da gure herriko benetako erradiografia, Sestaoren benetako erradiografia. Hona ez dira heltzen orain dela gutxi egindako azterketa baikorrak. Kaleetatik paseatu baino ez dugu egin behar eta ikusiko dugu Sestaoko herritarrek ez dutela azpimarratzen den berpizkundea ikusten”, azaldu du.

PSE-EEko buruak azpimarratu duenez, “hemen ez da egokia gazteei iraunaraz dezatela eta atzerrira joan beharrean sufritu dezatela eskatzea, EAJko Enplegu sailburuak, Angel Toñak, esan zuen bezala"

“Sestaoko gazteek ez dute etsipenari buruzko eskolarik behar, aukerak, lan-eskaintza duinak behar dituzte.  Seriotasun handiagoa, ardura politiko handiagoa behar dugu, lehentasunak finkatu behar dira, zenbait neurri serio eta bideragarri bultzatu behar dira, sestaotarrei eta, oro har, bizkaitarrei eta euskal herritarrei ezegonkortasuna gainditzen laguntzeko eta geroari bermeekin aurre egin ahal izateko”, azaldu du.

Bere iritziz, “demagogiarik gabeko proposamenak behar dira, sozialistok proposatzen dituzten bezalakoak”, jendeari lana topatzen laguntzeko, ekonomia biziberritzeko, “okerrago dauden pertsonei laguntzeko”, "garai zail honetan herritarrentzat oinarrizko zerbitzu hurbilak” bermatzeko, etxebizitza “eskubide bihurtzeko eta hipoteka ezin ordaintzeagatik inor kalean geldi ez dadin lortzeko”.

ESKUBIDEAK “NEGOZIO” GABE

“Sozialisten ustez, eskubideak ez dira negozio egiteko; Hezkuntzarako, Osasunerako edo etxebizitza edukitzeko eskubideekin ezin da negoziorik egin”, gaineratu du.

Hori dela eta, ziur dago sozialistak direla “oinarrizko eskubideak aldezten dituzten bakarrak, jendearen arazoez arduratzen diren eta horiek ebazten dituzten bakarrak”.  “Euren burutza sozialkristautzat jotzen dituztenak, betiko eskuina dira, mozorroa kendu dute!”, esan du EAJren inguruan.

“Gobernuaren jardueraren hasieran 1.500 milioi euro murriztu zituzten, baina geuk galarazi genuen zerga-erreforma adostuz.  Sei hilabetez esan ziguten ezin zirela baterako ordainketaren bidez errenta txikiak konpentsatu, eta hori egitera behartu genituen.  100.000 euskal herritarrek baino gehiagok ez dituzte botikak bi aldez ordaindu behar.  Gaur harro agertzen dira, baina gurekiko akordioaren bidez egin zuten”, esan du.

“Euskadin denok argiaren eta gasaren faktura ordaindu ahal genuela ere esan zuten”, nabarmendu du.  “Sozialistok errealitate hori onartzera behartu genituen eta horren aurrean konponbidea bilatu dugu.  Anbulatorioetarako eta Biocruces-erako ez zegoela dirurik esan zuten, eta osasunean eta ikerketan inbertitzera behartu genituen. Horri esker, Biocruces inauguratu dugu, diseinatutakoaren arabera baino garestiagoa izan bada ere”, esan du.

ETXEBIZITZA

“Etxebizitza edukitzeko eskubidea bermatzea posible dela” ziurtatu ondoren, Idoia Mendiak azpimarratu du Etxebizitzaren Lege berriari esker, "Euskadi Europako gainontzeko herrialdeen parean egongo dela eta Europar Batasunaren agindutakoaren arabera jokatzen duela”.

“Sestaon, Bizkaian, Euskadin egun enplegurako planak baldin baditugu, sozialistei esker izan da, eta ez egungo alkateari edo diputatu nagusiari esker, ezta EAJren gobernuari esker.  Sestaon, Bizkaian eta Euskadin errenta txikia dutenek laguntzak jasotzen badituzte botikak ordaintzeko, guri esker da”, zehaztu du.

“Euskadin etxe-utzarazpenekin amaitzen badugu”, sozialistei esker izango da, “hori egiteko beharrezkoak diren gehiengoak lortzen dakielako, Gobernuak leihotik begira eta errealitatean murgildu gabe jarraitzen duen bitartean”.

“Sozialistok akordioak lantzen ditugu herritarrek arazoak ebatz ditzaten.  EAJk boterean jarraitzeko baino ez du gure laguntza nahi, boterearekin zer egin ez badaki ere.  Baina geuk badakigu zertarako gauden politikan, jendearentzat lan egiteko”, esan du.

PSE-EEko idazkari nagusiak azpimarratu duenez, Bizkaiak eta Euskadin “politika eta politikari serioak behar dituzte, jendearen benetako arazoei erantzuteko”, “liskarra baino herritarren arteko bizikidetza sustatzen dituzten alkateak behar dituzte”, “alderdien interesen alde egin beharrean, bizilagunen interesen alde egingo dituzten alkateak”, “denon alde egingo dutenak, eta ez gutxi batzuen alde, enplegua sustatuko duten, zerbitzu publikoak indartuko dituzten, ekintzaileei lagundu dieten, inork bere zorira abandonatuta utziko ez duten eta gazteei aukerak emango dizkieten alkateak behar dituzte".

“Maiatzaren 24an hautestontziak sozialisten txartelekin bete behar ditugu, ez baitu ezertarako balio hauteskundeen biharamunean kexatzea.  Boto guztiak behar ditugu irabazteko eta pertsonetan oinarritutako politikak egiteko", azaldu du.

Horregatik, “ezkorren, etsituen eta ezgaien aurrean, alkate sozialista asko behar ditugu, adibidez, Carlos Totorika, Mikel Torres edo Alfonso García, eta Luis Felipe Finker izango daitekeen bezala, gehiengoaren alde gobernatzeko eta herrialdeak behar duen garai berria irekitzeko".

Amaitzeko, bere alderdiaren aldeko botoa eskatu du “euskal herritar guztien arteko berdintasuna bermatzeko, edozein lekutan bizi badira ere, edozer gauza pentsatzen badute ere, gizarte-babeserako sistemak mantendu eta indartzeko, krisiarekin okerren dauden pertsonei arreta egiteko eta inork abandonatuta ez uzteko”.  “Botoa eskatzen dizuet etxebizitza benetako eskubidea izan dadin, eta ez aberatsen ondasun esklusiboa”, esan du amaieran.

Beste berri batzuk...

Iruzkinak