Mendiak Donostiako CITA-Alzheimer Fundazioaren instalazioak bisitatu ditu
Sozialistek zentro horretarako 250.000 euro lortu dituzte EAEko aurrekontuetan
![Idoia Mendia Donostiako Alkatetzarako hautagai Ernesto Gascorekin Donostiako CITA-Alzheimer Fundazioaren instalazioetan. [Argazkia: Euskal Sozialistak]](/upload/foto-original-Idoia-Mendia-junto-al-candidato-a-la-alcalda-de-Donostia-Ernesto-Gasco-en-las-las-instalaciones-de-la-Fundacin-CITA-Alzheimer-en-Donostia-Foto-Socialistas-Vascos-Idoia-Mendia-Donostiako-Alkatetzarako--549164368df0d.jpg)
Euskal Sozialisten idazkari nagusi Idoia Mendiak goizean CITA-Alzheimer Fundazioaren instalazioak bisitatu ditu. Irabazi asmorik gabeko fundazio pribatua da, eta gaixotasuna ikertu, eta pertsonen arretaz arduratzen da. Fundazioko arduradun nagusiekin bildu da.
Antolaketa idazkari Miguel Ángel Moralesekin, Gipuzkoako sozialisten buru Iñaki Arriolarekin eta Donostiako Alkatetzarako hautagai Ernesto Gascorekin batera egin du aipatutako bisita; zentroak zer lan egiten duen ezagutu dute. Donostian dago, eta lehen mailako zenbait ikerlarik osatzen dute, eta nazio zein nazioarteko ikerketa-zentroekin zuzenean egiten dute lan.
Topaketan, Mendiak CITA-Alzheimer fundazioko arduradunak zoriondu dute "lan bikaina" egiten dutelako gaixotasuna ikertzen. Gaixotasun hori, gainera, gero eta zabalduago dago gure gizartean, eta ildo horretan lan egiten jarraitzeko Euskal Sozialisten laguntza izango dutela azaldu die.
Zentroko arduradunek azaldu duten bezala, alzheimerra lehen sintomak hasi baino urte asko lehenago hasten da; hori dela eta, fase goiztiarrean diagnostikatzea dute helburu, gaixotasunaren garapena geldiarazteko.
Eusko Jaurlaritzak 250.000 eurorekin finantzatuko ditu Fundazioaren jarduerak, Euskal Sozialistek EAEko datorren urteko Aurrekontuen proiektuari egindako zuzenketa bati esker. Jaurlaritzaren laguntza jasoko du fundazioak bigarren aldiz, 2014an 300.000 euro jaso baitzituen zuzenketa sozialista bati esker.
Mendiak azaldu du partida horren bidez argi uzten dela “Sozialistak osasun-ikerketaren aldekoak direla”, eta Osasun sailburu Rafael Bengoak aurreko legegintzaldian sustatutako Kronikoen Estrategiaren ildotik doala.
“Gizartea gero eta zaharragoa denez eta gure bizitza-ohiturak aldatu direnez, gure gizartea aldatu da. Egun osasun jardueren % 80 gaixo kronikoentzat dira eta, hala ere, batez ere gaixo handiei arreta egitera bideratzen den Osasuna dugu —azaldu du Mendiak—. Euskal Sozialistak heldu arte, Espainian ez zegoen adineko pertsonetan hain oinarrituta zegon politika bat, ezta geroko erronkei egokitzeko halako ahalmena duen osasun-sistema ere”.
Kronikoei arreta handiagoa emateaz gain, osasun-ikerketaren alde egitea funtsezkoa da agintari sozialistaren ustez.
CITA-Alzheimer fundazioaren beraren kalkuluen arabera, gaixotasunaren agerraldietan 5 urte atzera egitea lortuz gero, eragindakoen kopurua erdira gutxituko litzateke.
“Inbertituko genuke pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta geroko kostuetan aurrezteko. Horretan egiten dugu lan Sozialistok, eta horregatik egiten dugu fundazio honen lanen alde”, aitortu du.
Militanteekin topaketa Errenterian
Bestalde, Idoia Mendia arratsaldeko 18:00etan Errenteriako militante sozialistekin bilduko da (Morronguilleta kalea, 10); iraileko Ez-ohiko Batzarrean idazkari nagusi aukeratu ondoren talde sozialistetan egiten dituen bisitetako bat izango da.