Normaltasunez ireki dira PSE-EEko primarioetako bozketa-guneak

PSE-EEko idazkari nagusia aukeratzeko prozesua antolatu duen Batzordeak jakinarazi du gaur 10:00etan normaltasunez osatu direla egun honetarako aurreikusi diren bozketa-guneetako hauteskunde-mahaiak. Guztira 70 dira: 9 Araban, 29 Gipuzkoan eta 42 Bizkaian. 20:00ak arte egongo dira irekita.
Jakinarazitako moduan, 5.351 afiliaturi egin zaie bozkatzeko deia. Horietatik 756 Arabako militante dira, 1.602 Gipuzkoakoak eta 2.892 Bizkaikoak. Euskadin lehendabiziko aldiz antolakunde politiko batek militante guztien esku utzi du arduradun nagusien aukeraketa; horretarako, boto zuzena eta sekretua emango dute.
Egun horretan bertan, eta dagozkien hautestontzietan, PSE-EEk hiru lurralde historikoetan izango dituen idazkari nagusiak aukeratuko dituzte, baita Bilboko PSE-EEren Ez-ohiko Biltzarrera zer ordezkari joango diren ere. Irailaren 20 eta 21ean izango da aipatutako biltzarra. Horrez gain, hurrengo asteburuan egingo diren probintzietako biltzarretako ordezkariak ere aukeratuko dituzte.
Guztira 217 afiliatuk bozkatu dute aldez aurretik ez-ohiko egoeraren bat dela-eta. Atzo 20:00etan itxi zen aldez aurretik bozkatzeko epea. Horietatik 128 militantek Bizkaian bozkatu zuten, 80 militantek Araban eta 9k Gipuzkoan.
Euskadiko egoitzan zenbatuko dira Idazkaritza Nagusirako botoak, eta lurraldeetako Idazkaritza Nagusietakoak, berriz, probintzia bakoitzaren egoitzan.
14:30etan, gutxi gorabehera, parte-hartzeari buruzko lehen datuak emango dira, eta 18:00etan datu horiek eguneratuko dira.
21:00ak inguru Idazkaritza Nagusirako bozketaren behin-behineko emaitzak eman ahal izango direlakoan gaude. Aurreratu genuen bezala, datuak ezagutu ondoren, Idoia Mendiak balorazio labur bat egingo du komunikabideen aurrean Euskadiko egoitzan (Errekalde Zumarkalea, 27. zk., 4. solairua)