Pastor: “Akordioak nahi ditugu, baina Urkulluk egin dituen politikak ez bezalakoak egiteko"
Talde Sozialistaren bozeramaileak, José Antonio Pastorrek, esan du “EAJrekin aztertzen ari ditugun akordioak izenpetu egingo ditugula Urkulluren Gobernuak orain arte egin dituen politikak ez bezalako beste politika batzuk gain hartzeko konpromiso argia bermatzen badigu. Aurrera egiteko politikak burutzeko izan beharko dira, eta ez eskuineko nazionalisten gobernuak orain arte egin dituen hersturako eta murrizketetako politika berberekin jarraitzeko”.

Legebiltzarraren urtearen hasieran Talde Sozialistaren jarrerak zein diren finkatzeko egin den prentsaurrekoan, José Antonio Pastorrek esan du “EAJrekin adostuko diren akordioak ez direla egonkortasuneko edo legegintzaldiko akordioak, batzuek nahi duten moduan". Bozeramaile sozialistak gaineratu du “ez direla Urkulluren Gobernuari emandako txeke txuri bat. Lehendakariari geldialditik ateratzeko eskaintzen diogun aukera izango dira, benetan gobernatzen has dadin, euskal gizarteak horren beharra baitu".
José Antonio Pastorrek zehaztu du Talde Sozialistak jarrera serioa izaten jarraituko duela, amore eman gabe, eta ondokoak izango direla jarraibideak: “jendearen arazoei erantzun bat ematea eta herritarren interesen alde egitea".
Esan duenez, “horixe egin genuen Urkullu murrizketen Aurrekontuak bertan behera uztera behartu genuenean, euskal gizarteak ezin baitzituen horiek gain hartu. Horixe egin dugu, halaber, Eusko Jaurlaritza zenbait akordio negoziatzera behartu dugunean. Akordio horiek proposatutako oinarriei buruzkoak dira eta oraindik aztertzen ari ditugu. Eta berehalako etorkizunean horretan jarraituko dugu, akordio horiek, lortzen direnean, gizarte ongizaterako politika bihur daitezen; eskuineko nazionalisten gobernuak orain arte sustatu dituen herstura politikekin amaitzeko modukoak izan beharko dira.
José Antonio Pastorrek gogoratu duenez, “gaur fiskalitateari, enpleguari, jarduera ekonomikoa sustatzeari, gizarte politikei buruzko akordio batzuk lor ditzakegu, bere egunean Aurrekontuen Proiektuari ezetz esan geniolako, aurrekontu horiek hartuko ditugun akordioen aldean beste norabide batekoak baitziren. Eta, zehazten ari garen akordioaren oinarriak Proiektu horri sozialistek proposatutako osoko zuzenketan jasota zeuden”.