Pastor: “Autogobernua nahi dugu ongizaterako, ez subiranotasun abenturetarako"

“Sozialistok bizikidetzarako, ongizaterako eta euskal gizartearen aurrerapenerako autogobernuaz hitz egin nahi dugu, ez subiranotasun abenturetarako autogobernuaz, Ibarretxeren garaian bezala, herri hau irteerarik gabeko bidean sartu baitzuen”, esan du Eusko Legebiltzarreko Talde Sozialistaren bozeramaileak, José Antonio Pastorrek, autogobernuaren inguruko eztabaidan sozialistek zer jarrera edukiko duten jakinarazteko eman duen prentsaurrekoan. Eztabaida hori laster hasiko dute Eusko Legebiltzarrean.
EAJren proposamenari osoko zuzenketa aurkeztu diote, eta horren bidez, sozialistek ondokoa proposatu dute: “ebaluatzea zer lortu den benetako autogobernuaren urte hauetan, Estatutua onetsi zenetik" eta “egungo estatutu-esparruan sakontzea, erabilgarriago izan dadin, eta ez alde batera uzteko". “Eztabaida hori —gaineratu du José Antonio Pastorrek— egungo errealitateekin, euskal gizartean dituen lehentasunekin lotu nahi dugu, ez dugulako zenbait doktrinatzeko abstrakzioz hitz egin, zenbaitzuek hori gogoko izan badezakete ere, kaleko jendeari horrek ez baitio gauza handirik adierazten”.
“Autogobernuaren geroari buruzko eztabaida —adierazi du José Antonio Pastorrek— denbora barrena jarrai dezala nahi dugu, EAJk euskal sozialistekin lortu dituen herri-akordioekin. Akordio ekonomiko, sozial, politiko eta fiskal horiek, helburu eta lehentasun batzuk finkatzen dituzte, baita legegintzaldi osorako ibilbide-orria ere”.
“Sozialistok —gaineratu du— ez dugu denbora galduko subjektu politikoez eta erabakitzeko eskubideaz hitz egiten, ezer erabakitzen ez dutenek beti proposatzen duten moduan. Guk, zerga-iruzurrari hobeto aurre egingo dion, ekonomia eta enplegua sustatuko dituen, kalitate oneko Hezkuntza eta Osasun Publikoa eskainiko duen, euskaldunen gizarte-eskubideak babestuz krisitik irteten lagunduko digun eta baliabide publikorik xahutuko ez dituzten erakunde eraginkorrak izango dituen autogobernuaz hitz egin nahi dugu”.
Hori dela eta, José Antonio Pastorrek esan du autogobernuaren inguruko eztabaidak ez dituela gizarte-lehentasun horiek ezkutatutako, "jendearen bizi-kalitatearekin eta Eusko Jaurlaritzak sozialistekin hitzartu ondoren gain hartu dituen konpromisoekin lotuta baitaude". “Ohartarazi egin nahi dugu —esan du amaieran bozeramaile sozialistak—, agian norbaitek nahi duelako herri honen benetako arazoen inguruko eztabaida politikoen ordez, identitate-pasioen norgehiagokan sar gaitezen, nazionalismoaren aztarna batzuek nahi duten moduan, arazo horien aurrean erantzunik ez dutela ezkutatzearren".