Pastor: “Sozialistok gizarte mailan konprometitua izan daitekeen konstituzio-erreforma proposatzen dugu"

Talde Sozialistaren bozeramaileak, José Antonio Pastorrek, gaur Eusko Legebiltzarrean aldeztu du behar-beharrezkoa dela konstituzio-ituna aldatzea ongizateko estatuaren alde egiteko, herritarren oinarrizko eskubideak sendotzeko eta handitzeko eta estatuaren lurralde-egitura zentzu federalean berritzeko. “Gu —esan du José Antonio Pastorrek— gizartearekin konprometitua izan daitekeen konstituzio-erreformaren aldekoak gara, pertsonen bizitzarekin, euren eskubideekin, askatasunekin, bizikidetza-nahiekin eta aurrera egiteko aukerekin eta itxaropenekin lotura zuzena izango duena".
“Horrek ez du zerikusirik —gaineratu du bozeramaile sozialistak— Lehendakariak herrialdeari erakusten dion betiko nahasmenarekin; izan ere, goizean errepublikarra dela dio, eta arratsaldean, ordea, Koroarekin ituna egiteaz hitz egiten digu, ematen baitu errepublikanismoaren azken moda errege izateaz gain, gobernatzen duen erregea dela. Gainera, identitate-sentimenduak goraipatzeari lehentasuna ematen die, jendeei interesatzen zaien ongizateko politiketan erabakiak hartzeko gai ez den Gobernuaren jarduera-eza ezkutatzeko. Horrez gain, erabakiak gogorik gabe eta berandu hartzen ditu, eta askotan Talde Sozialistaren ekimenez”.
"Eta hitzez hitz esan egin du —azaldu du— lortu nahi duen subiranotasun estatus berria aurrera aterako duela “Madrilek edozer gauza esaten badu ere”, “Horixe da —esan du José Antonio Pastorrek— Urkullu lehendakariak eta bere alderdiak defendatzen duten eredu politikoa. Euskadi Artur Maseko estrategia independentistaren menpe jarriko duena. Eta sozialiston ustez, euskal gizarteak eta, oro har, espainiar gizarteak, beste aukera batzuk ekarriko duten talde-proiektu bat behar du”.
Estatu ereduari buruz UPyD aurkeztu duen mozioaren gainean sozialistek egin duten zuzenketari dagokionez, José Antonio Pastorrek azaldu du “Konstituzioak jarraitu behar duela erabilgarri izaten, baita euskal herritarrentzat ere, eta horretarako balioetan eta aurrera egiteko ahalmenetan sakondu beharko duela”. “Hori dela eta, konstituzio-ituna berritzea eta gure Legeen Legea berritzeari ekin behar diogula proposatu dugu, herrialde honetako gehiengoek ikus dezala ondo ordezkatuta daudela galdutako sinesgarritasuna berreskuratu behar duen sistema politiko baten bidez".
Horren harira, José Antonio Pastorrek esan du Konstituzioan sartu egin behar direla "oinarrizko eskubideak eta oinarrizko gizarte-zerbitzuen bermea, adibidez, Espainian bizi diren guztientzako osasuna, hezkuntza eta pentsioak, jatorria edo bizilekua edozein izanda ere”. Horrez gain, Estatuaren lurralde-egitura zentzu federalean berritu beharra dago, Erkidegoen Espainia finkatzeko “hori baita esparru politiko posible bakarra Espainia moderno, libre, demokratiko eta aurreratuan”. “Eta lortu ahal izateko —gaineratu du José Antonio Pastorrek— hogeita hamar urtez posible izan duguna: zenbait aberri historikok, Euskadik eta Kataluniak, esaterako, aniztasunean bildutako Espainian ikus dezaten euren buruak islatuta”.