Pastorrek Urkulluri eskatu egin dio berreskura dezala Noticias taldeari informazioak erosteko eman dion dirua

Euskal Sozialistak Legebiltzar Taldeko bozeramaileak, José Antonio Pastorrek, ostiralean lehendakariari exijitu egin dio Noticias taldeari informazioak erosteko eman dion dirua (ia 200.000 euro) berreskura dezala. Informazio horien bitartez, Gobernuaren propaganda zabaltzen zuen. Hortaz, ez ditu bete Erakunde Publizitatearen eta Komunikazioaren Legea eta Jaurlaritzaren beraren Kode Etikoa.
Pastorrek kontroleko bilkuran gogoratu egin du Erakunde Publizitatearen eta Komunikazioaren Legearen 5.3 artikuluak ondokoa xedatzen duela: "erakunde-publizitateak ezin dituela okerrik eragin, anbiguoa izateagatik, datu zehatzak ez emateagatik, zenbait datu ez aipatzeagatik edo beste edozein egoeragatik”. Eta Etika eta Jokaera Kodearen 11.6 artikuluaren arabera, “kargudun publikoaren zintzotasunak berekin dakarrela, beste gauza batzuez gain, egiazkotasuna, sinesgarritasuna igortzea, iruzurrik ez egitea eta ebatzi beharreko arazoak ez estaltzea edo ezkutatzea”
“Lege horren aurrean, eta Kodearen bidez gain hartu zenuen konpromisoaren aurrean, zure gobernuko kideek herritarren dirua ematen diote notizia-talde jakin bati, Jaurlaritzaren eta zure alderdiaren kideko talde bati. Eta guztion diruarekin, propaganda zabaltzen du berriak izango balira bezala. Irakurleei iruzur egiten diezue eta ez duzue legea betetzen. Behin eta berriz egiten dute hori zenbait Sailek. Eta beti talde bera da onuraduna”, salatu egin du.
Bozeramaile sozialistak esan du 2013an 140.000 euro "oparitu zituztela" Eusko Mediako enpresa guztiei, eta 2014an, oraingoz, zenbait sailek 55.000 euro eman dituzte (dakigunaren arabera). "Ez da publizitate-gastuari buruzko eztabaida bat. Aurreko legegintzaldian gastu hori asko gutxitu genuen, Ibarretxeren gobernuaren aldean. Ez da komunikabideen inguruko eztabaida bat. Publizitateko diru-sarrerak, baita erakunde-publizitatekoak ere, komunikabide guztien finantzaketa-iturrietako bat dira”, zehaztu du.
Pastorrek nabarmendu duenez, “gardentasunari buruzko eztabaida bat da, baliabide publikoen gaineko kontrolari buruzkoa, kideko komunikabideei laguntzeko baliabideak erabiltzeari buruzkoa eta legea ez betetzeari buruzkoa”. “Horri buruz ari gara, eta exijitzen dizugu berehala gain har dezazun gai horretan duzun ardura, eta berreskura dezazun informazioak erosteko erabilitako dirua, 200.000 euro”, esan du amaitzeko.