Patxi Lopezek EAJri ondokoa ohartarazi dio: sozialistok “akordio zehatz bat nahi dugula, ez filosofiari buruzkoa
PSE-EE idazkari nagusiak azaldu du Euskal Sozialistak ez direla Legebiltzarreko Bake eta Bizikidetzarako Ponentziaren hurrengo bilerara joango EH Bilduk ez badu gain hartzen alderdi politiko guztiek aurreko legegintzaldian finkatutako "zoru etikoa".
Akordioa bai, baina eduki zehatz batzuekin. PSE-EE eta EAJ alderdiek orain dela zenbait hilabetez esku artean dituzten negoziaketen balorazioari buruz argi hitz egin du Patxi Lopezek udaren ostean egin duen lehen agerraldi publikoan. Negoziaketa horren helburua, Euskadiri krisiari aurre egiteko gaitasuna eta horretarako tresna hobeak emango dizkion akordioa bilatzea da. PSE-EEko idazkari nagusiak EAJri ohartarazi dio bakar-bakarrik lortuko dutela akordio bat orokortasunetatik eta "filosofiatik" haratago joaten badira eta zehazten badute nola eta zertan banatu dituzten egin beharreko erreformen bidez lortuko dituzten diru-sarrerak. “Jakin badakigu enpresei lagundu behar zaiela, sektore estrategikoak biziberritu behar direla, langabeziari aurre egin behar zaiola. Baina nola, zer neurriren bidez, zer baliabiderekin, zer egutegirekin, zer inbertsiorekin... egingo dugun esan behar da, besteak ez du ezertarako balio", esan du Lopezek.
Euskal Sozialisten Batzorde Exekutiboak atzo arratsaldean EAJrekiko negoziaketen egoera aztertu zuen eta gaur goizean PSE-EEko idazkari nagusia, Patxi Lopez, prentsaurrekoan agertu da eta gai horren eta beste batzuen berri eman du urte politikoaren hasiera den honetan.
Lopezek “oso argi" utzi nahi izan du zerga-erreforma —eta ematen du guztiek horri ematen diotela garrantzia— ona izatea "kargak eta onurak modu bidezkoagoan banatzen dituelako, ez dela berez helburu bat” “Tresna bat da ekonomia eta enplegua saritzeko beharrezkoak ditugun politikak abian jartzeko beharko ditugun baliabideak lortzeko”, azaldu du. Hori dela-eta, gai horren inguruan akordio bat lortzea ez da nahikoa bi alderdi horien arteko akordioa amaitutzat emateko.
Urte galdua
PSE-EEko idazkari nagusiak kritikatu egin du “Gobernua ez dela gai izan herritarren arazoak konpontzeko moduko erantzunak eta politikak burutzeko”. Urkulluk Lehendakaritzara iritsi eta 9 hilabete igaro ondoren “ez dutela proiekturik aurkeztu, ez dute krisiari aurre egiteko, ekoizpen ekonomia saritzeko eta langabeziari aurre egiteko beharrezkoa dugun lidergoa erakutsi”. Gaineratu duenez, “ezin da onartu oporren osteko lehen Gobernu Kontseiluan —eta udan desagertu dira guztiz— Lehendakariak eskaini digun gauza bakarra ondokoa izatea: elkarri laguntzeari buruzko eskaera orokor batzuk eta laster errekuperatzeko asmo onak".
Egoera horren aurrean, Patxi Lopezek berriz esan du Euskal Sozialistak saiatuko direla akordio bat bilatzen "Euskadik indarrak batu behar dituelako, eta ez dutela inoiz gero eta okerrago hobe jolasa erabiliko, beste batzuek oposizioan zirela egin duten moduan”. Hori dela-eta, argi utzi nahi izan du gaurkotasunarekin lotutako zenbait gaitan Euskal Sozialistek zer jarrera duten, batez ere EAJrekin zerga arloan abian duten negoziaketari buruzkoan. Gogoratu du Urkullu Lehendakariak Sozialisten laguntza nahi bada, bi ardatz nagusi onartu beharko dituela:
- ekonomia krisiari eta langabeziari aurre egiteko neurri sorta ba, “dugun arazo premiazkoena baita”:
1.- Ekonomia eta Enplegua berpizteko Plan bat. Plan horretan, luzatutako Aurrekontuetan aurreikusitako baliabideez gain, zerga-erreformatik eta zerga-iruzurrari aurre egiteko jardueratik lortutako baliabide asko ere sartuko dira. Eta ondokoak jaso beharko ditu:
a) Lanean txertatzeko arazo bereziak dituzten pertsonak (gazteak, 50 urtetik gorakoak, iraupen luzeko langabetuak) zuzenean kontratatzeko planak (Udalen laguntzarekin), lanean hasiko diren langileen kostuaren % 100era iritsiko diren diru-laguntzen bidez. Diru-laguntza horiek ez dituzte berriz ordaindu beharko.
b) Renove Planak, ez soilik energia eraginkortasunerako, baita Makina-erreminta, altzairu, etxetresna elektriko etab.erako, une honetan zailtasun bereziak dituzten sektoretarako alegia.
c) Ekarpen pribatuak zergetatik salbuestea Euskadi Funtsa abian jartzeko. Helburua, enpresa-ekimen berriei kapitala ematea litzateke. 60.000 euro arte zergak ordaintzetik salbuestea, enplegua sortzeko duten gaitasunaren arabera.
d) Euskal gazteei lan-esperientziaren bat edo praktiketako kontratu bat bermatzea ikasketak amaitzen dituztenean, Europar Batasunean duten moduan...
e) Hirugarren sektorerako berariazko plan bat (merkataritza, turismoa, ostalaritza), ehuna biziberritzearren.
f) Lan arloan berriz trebatzeko programak eta Enplegua Erregularizatzeko Espedienteekin eragindakoei bigarren aukera bat ematea.
g) Enplegua sortzeko eta ekonomia osoa bultzatzeko gaitasuna izango dituzten inbertsioen eta azpiegituren erakundeen arteko plan bat, lurraldeen araberakoa,…
-Euskadi modernizatzen aurrera egiteko beharrezkoak diren erreformak epe ertainean gain hartzeko konpromisoa bilduko duen bigarren neurri sorta, betiere gure gizarte ereduaren eta oinarrizko zerbitzuen iraunkortasuna bermatuz (murrizketarik gabe) eta erakunde-egitura berrituz lehiakorrago, eraginkorrago eta iraunkorrago izan dadin.
Eta ondokoa exijituko duen Administrazioaren erreforma bat: sektore publikoa dimentsionatzea, arlo bakar batean lanean diren enpresa publiko guztiak batean biltzea eta Lurralde Historikoen Legea eguneratu eta aldatzea.
Ez da zerga igoera “orokorturik” egingo
Atzo Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, Josu Erkoreka jaunak, hitz-erdika esan bazuen ere, Lopezek esan du “zerga erreformaren bidez ez dituztela zergak modu orokortuan igoko, baizik eta erreforma zerga-kargaren banaketa bidezkoagoa egiteko izango dela". Azaldu duenez, “gauza da ordaintzen ez duenak ordaindu beharko duela, denok ordaindu beharko dugula dagokiguna eta gehiago duenak gehiago ordainduko duela”,
Euskal Sozialisten idazkari nagusiak ere azaldu du PSE-EE eta EAJ artean zerga arloan akordio bat lortzen bada ere, horrek ez duela esan nahi ondoren aurrekontuen arloan akordioa lortuko dutenik, ezen, aurrekontuetan adostutako akordioak bilduko badira ere, Gasteizko gobernuaren kontuen aurreikuspenetan beste jarduera eremu asko baitaude eta, beraz, “negoziatu beharra dugula” dio.
Zoru etikoa
Patxi Lopezek esan du ezker abertzaleak ez baditu gain hartzen aurreko legegintzaldian alderdi politiko guztiek onetsitako printzipio etiko eta demokratikoak, Sozialistak ez direla Bake eta Bizikidetzaren Ponentziara joango; irailaren 13an bilduko da ponentzia hori. Euskal Sozialistek udaren hasieran ohartarazi zuten ezker abertzaleak bere jarrera argitu behar duela eta “urratsak eman” behar dituela. Ez dira bilera horretara joango horren inguruan jarrera argia erakusten ez badu. PP eta PSE alderdiak ez daude aipatutako Ponentzian eta, beraz, galdetu diotenean zer zentzu duen halako ponentzia bat ondokoa esan du: “helburua bada gauza sinesgaitzak sinestaraztea, guk ez dugu hori egingo, biktimak izan baikara”.
