Patxi López: "PSE-EE-k elkarrizketa eta euskaldunen arteko adostasunaren alde bozkatuko dugu eta honen ondorioz kontsulta gaitzestuko dugu"
"Ibarretxek lortu du Euskadin elkarrizketaren zain dagoen lurra izatea"
"Zuk egin duzu proposamen bat EHAK-ren bermea lortzeko, ez oposizio demokratikoarena"
(Ver: http://www.patxilopez.com/?p=374 )
TEXTO ÍNTEGRO DE LA INTERVENCIÓN DE PATXI LÓPEZ EN EL PLENO DEL PARLAMENTO VASCO
"Ibarretxe Jauna: Nik ere, bi galdera egin nahi dizkizut. Zergatik? Zertarako? Zein arazo konpontzen du zure proposamenak? Ezer ez du konpontzen:
• Zatitu egiten gaitu eta ETAren aurrean ahuldu.
• Adostasuna eta akordioa urritaran egiten ditu.
• Seguritate eta konfiantza falta sortzen du gure ekonomía eta ongizatearen kalterako.
Euskaldunak behar duguna ez da zatiketa edo segurtasun falta. Hori ez da guk ditugun arazoak konpontzeko bidea.
Elkarrizketa eta akordioa da behar duguna, Euskadi anitz Paketsu eta progresista bat lortzeko.
Hori da Euskal Sozialistak eskeintzen duguna. Gure esku irekia hitzegiteko eta akordioetara eltzeko.
Azken batean herri honek eskatzen duena ez da zatiketa sortzen duen proposamena baizik eta elkartasuna eta adostasuna ekarriko duen proposamena. Eta hau da Sozialistak defenditzen dugun proposamena eta alternatiba.
Eta horrexegatik, Ibarretxe Jauna, aurreratzen dizut gaur Talde Sozialistak BAI bozkatuko duela. Bai elkarrizketari, bai elkarren arteko ulertzea bilatzeari, bai euskaldunen arteko akordioari. Bai bizikidetzari. Bai herriak aurrera jarraitzeko behar duen egonkortasun eta konfiantza bermatzeari. Eta, ondorioz, ez dugu zure proposamena onartuko, guztiz kontrakoa esan nahi duelako.
Zuk ez duzulako elkarrizketa proposatu. Zure agintaldi osoan ez dituzu inoiz alderdi demokratiko guztiak deitu mahai baten inguruan hitz egiteko eta gure herriaren etorkizuna bakoitzak dituen ideiei buruz eztabaidatzeko. Bakarrizketa baino ez duzu egin, eta soilik hitz egin duzu zuk bezala pentsatzen dutenekin eta beti arrazoia ematen dizutenekin.
Horregatik ez dugu inoiz elkar ulermena bilatu, ezarpena nahiago duzu. Zure ideiak euskal gizarte osoari ezartzea.
Eta, amaitzeko, inoiz ez zaitu Euskadiren egonkortasuna axola, zure obsesio partikularrak baizik.
Agian, Ernest Gellnerren esan zuen bezala, nazioak ez zaitu hainbeste axola, nazioa norena den baizik.
Agian berdin zaizu nola bizi garen, nola hobetzen dugun gure egoera, nola sendotzen dugun bizikidetza eta ondo eramaten gaituela (hori baita garrantzitsuena gu bezalako gizarte plural eta anitz batentzat), eta boterean jarraitzea duzu kezkarik handiena.
Eta horregatik zure denbora hauteskunde-banderak egiteko erabili duzu: gaur kontsulta, atzo ibilbide-orria, herenegun Ibarretxe Plana; hau da, etengabe gatazka, arazoa proposatu duzu (euskal gizarteak ikusten ez duena), ondoren hori konpontzeko gai den bakar moduan agertzeko. Elkarrekin ondo eramateko proposamenak egin beharrean, galderak egiten ditu haserre gaitezen.
Eta euskal gizartea nekatuta dago artifizialki sortutako hainbeste gatazkekin, banaketarekin eta liskarrekin. Aspertuta dago arazoak konpontzeko lan egin beharrean, arazoak sortu baino egiten ez duten agintari politikoekin, arazo horiek euren interesetarako egokiak direlako.
Eta horregatik, Ibarretxe jauna, euskal gizarteari berari, galdetu egin diogunean, bizkarra eman dizu. 140.000 boto galdu zenituen zure Planarekin. 120.000 boto ibilbide-orriarekin. Pasa den astean ikusi genuen Euskobarometroaren arabera kontsultarekin %24 boto galdu dituzula...
Ez danbatekorik bilatu horrelakorik ez dagoen lekuan. Ez egin biktimarena, eta are gutxiago, ez bihurtu Euskadi existitzen ez den kanpoko etsai baten biktima. Herri honetako herritarrok esan dugulako, eta esaten jarraitzen dugulako, okertu zarela, hau ez dela bidea eta ez dugula zure atzetik joango orain arte eraiki dugun eta hainbeste kostatu zaigun guztiarekin amaitzeko helburu duen abenturan.
45 segundo, zuk esan duzun bezala, euskal gizarte osoaren ahaleginarekin 30 urtetan eraiki duguna eta Komunitate politiko moduan osatzen gaituena lurrera botatzeko.
Horregatik esaten dizut ez mespretxatzeko —egin duzun bezala—, ez txantxan edo haserrealdi moduan hartzeko Arabako Biltzar Nagusien erabakia, ezta zure proposamenari EZETZ esan dioten Udalei ere. Euskal herritar asko eta asko ordezkatzen dituztelako. Eta esan dizute (eta hori oso serioa da) zure proiektua ez dela herria eta ez duela balio herria egiteko. Zure proposamenak, batu beharrean, banatzen eta bereizten gaituela.
Kezkagarria da oso Iparralderekin eta Nafarroarekin bilatzen duzun lurraldetasuna, galderen aurkezpenean hitz egin zenuen horri buruz, nahiz eta horrek Euskadi dugun guztion proiektuaren amaiera ekarri.
Ezen Euskadi, zu, Ibarretxe jauna, heldu baino lehen, beti adostasunetik eraiki delako. Beti, Euskal Kontseilu Nagusiarekin autogobernua bultzatu genuenetik, gure instituzioak eta erreferentziako sistemak abian jarri arte. Berdin dio OSAKIDETZAri buruz hitz egin edo hezkuntza-sareari buruz; euskalduntzeko planei edo Gugenheim museoari buruz. Dena adostasunetik abiatuta sortu zen.
Beti ados jarri gara Euskadi onena eraikitzeko, gaur dugun herri anitz eta oparoa aurrera ateratzeko.
Horixe izan da beti gure nortasunaren adierazlea, zu heldu eta akordio horiek guztiak ezarpenaren bidez ordezkatzen saiatu zinen arte. Zu izan zara arauaren salbuespen tristea, eta arau horrekin euskaldunok ondo aritu gara.
Eta herri honek nortasunaren adierazgarri hori berreskuratu behar eta nahi du, eta elkarrizketa, ulertzea eta akordioa ezberdinen artean arazoak konpontzeko formula bihurtu nahi ditu.
Elkarrizketa alderdi politiko demokratikoen, ETAren aurrean batasuna berreskuratzeko eta herri honen etorkizuna definitzeko. Gizarte-elkarrizketa Sindikatu eta Enpresaburuekin, ditugun arazo sozio-ekonomiko nabariei aurre egiteko. Elkarrizketa OSAKIDETZAko profesionalekin, gure osasunaren ospe ona berreskuratzeko. Elkarrizketa hezkuntza-komunitatearekin, gure irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko. Elkarrizketa euskalduntzearen arduradunekin, haiek dioten bezala, euskara sustatzea gure hizkuntza errefusatzera eramango gaituen ezarpena egon ez dadin. Elkarrizketa sortzaileekin, herri honetan euren zoriaren pean abandonatu baitira, kultura plurala, anitza eta mestizoa Euskadiren nortasunaren adierazletako bat izan dadin. Elkarrizketa zientziaren munduarekin, talentuak gure herrira erakartzeko eta hemen geldiarazteko.
Hau da, zuk egin ez duzuna, elkarrizketa eta ulertzea erronkei erantzuteko eta mahai gainean ditugun arazoei aurre egiteko.
Euskadi egin gabe dagoen elkarrizketaren lur bihurtu duzu, oraintxe esan dudan guztia ez zaizulako interesatzen. Hamar urte eta gero hau. Esaldi huts eta faltsutan oinarritutako bi galdera. Behin eta berriz errepikatzen dituzun esaerak dira, nahiz eta hutsak eta faltsuak izaten jarraitzen duten.
“Nire hitza bete” Zein? Gobernuaren akordioa sinatu zuena eta kontsulta bakarrik indarkeriarik ez dagoenean egingo zela esaten zuena?
“Ez dut nahi ETAri etengailua ematea” Esango al didazu gaur nori eman diozun etengailua, bonbilla eta baita zentral elektrikoa bera ere? Nork piztu edo itzali du hamar urteko agintaldia indarkeria errefusatu eta hortik aldentzeko gai izan ez diren horiek ez badira?
Ez duzulako aurkakotasun demokratikoaren arteko adostasuna bilatzeko moduko proposamenik egin. EHAKren babesa bilatzeko egin duzu, eta asko sentitzen dut hori, batez ere esaten duzuenean horrekin ETA bere lekuan jarriko duzuela, ezen hori bai grazia nazkagarria ETAri eskaini diozun lekua.
Bakera bideratzeko moduko kontsulta hori, boto erabakigarri bati esker atera da, lehen esan dugun bezala, eta helburua etengabeko gatazka bat sortu eta mantentzea da. Pentsatu ondo, herri honetan indarkeriaren aurka ez daudenen, edo behintzat biolentzia barkatzen dutenen botoa baita.
Baina, hala eta guztiz ere, zuk jarraitzen duzu “Printzipio etiko eta demokratikoez” hitz egiten. Non daude horiek? Etikak euskal politikan zerikusi handia du indarkeriaren, horren alde daudenen eta baliabide horren oinarri diren argudioen deslegitimazioarekin. Non dago deslegitimazio hori indarkeriaren aurkako kondenarik ez badago (eta horrek zure Alderdiko Buruari indarrik gabe uzten dio, kondena hori berariaz agertu behar zela esan baitzuen EAJk ezin baitu horretan anbiguo izan)? Non dago indarkeria estaldura politikoa ematen jarraitzen dutenen deslegitimazioa (bazterketarik gabeko elkarrizketaz hitz egiten denean)? Guztiak balio duela esaten duen horretan? Berdin dio batzuek hiltzen badute eta beste batzuek hori bakartzen badute, guztiak nire mahaira deituko baititut?
Eta non dago jokoaren arauak eta legalitatea errespetatzearen oinarrizko printzipio demokratikoa? Non ikusten duzu demokrazia inposatu nahi duzuenean, ez elkarrizketa, baizik eta elkarrizketa horren ondorioa eta denbora? Erabakitzeko eskubidea egikaritzea (zuk ulertzen duzun modura, noski!) eta 2010. urterako. Eta kito. Gainontzekoek ezin duzu ezer esan, ezin dugu esan zer nahi dugun, zein proposamen ditugun, zuk guztiongatik erabaki baituzu: autodeterminazioa 2010. urterako. Hori bai printzipio demokratikoa!
Eta, gainera, lelo baten modura behin eta berriz errepikatzen duzun esaldi hori, “ez dute nirekin hitz egin nahi ETArekin hitz egiteko prest egon zirenek”, txarrena da. Lehenik eta behin, deitoragarria delako Bakea lortzeko eta abertzaletasun erradikala sistema demokratikoan sartzeko guztion saio zintzoa (baita zure alderdiak ere egindakoa), zure mesederako erabiltzen saiatzea. Eta bigarrenik, gezurra delako. Sozialistek ez dugu inoiz esan ez dugula zurekin eztabaidatu nahi. Loiolako paperetaz, Ibarretxe Planaz, autodeterminazioaz edo zuek nahi duzuen edozein gauzaz eztabaidatzeko prest izan gara.
Proposamen horiek elkarrizketa-mahai batera eraman itzazu eta eztabaidatuko dugu horietaz. Nik ez dizut inoiz eskatuko nazionalista ez izateko, nahi duzun horren alde ez egiteko. Beraz, ez niri eskatu Sozialista ez izateko eta sinisten dudan horren alde ez egiteko.
Zu Loiola edo Lizarraren aldekoa bazara, berdin zait, ni Gernikako Estatutuaren oinarrien aldekoa naiz. Baina ez okertu gero, gure Estatutua, eta horrekin amaitu nahi duzu, transferentzien zerrenda hutsa (erraldoia gainera) baino askoz gehiago da; ideia plural eta hainbat partaidetza errespetatzen dituen bizikidetzarako eremu bat da; eta itun hirukoitza da, euskaldunen, Euskadi osatzen duten lurraldeen eta Euskadi eta Espainiako gainontzekoen artekoa.
Eta bizikidetza eta ezberdinen arteko ituna da herri honetan berreskuratu behar duguna. Gaur egun ondokoa dago zalantzan: Euskadi guztion adostasunaren eta akordioaren bidetik eraikitzen jarraitzea, Sozialistok nahi dugun bezala, edo porrota lortzea batzuek beste batzuen gainetik egiten duten ezarpenaren bidetik egiterakoan, zuk nahi duzun bezala.
Euskaldunen arteko elkarketaren eta berrelkarketaren bidetik edo euskaldun batzuek beste batzuengan duten garaipenaren bidetik.
Eta une honetan gatazka eta banaketako ziklo bat ixteko aukera dugu. Euskal herritarrek batasuneko beste etapa bat ireki dezakete eta gure artean batzuek sortu nahi izan duten zuloa itxi.
Herritar plural eta anitzen herri bakarra dugu, eta proiektu komun bat izan nahi dugu; heldu zaigu proiektu hori gauzatzeko garaia.
Banatzen gaituzten frontetara itzultzeko estrategia politikoarekin amaitzeko eta batzen gaituzten zubien alde egiteko garaia da.
Nahiz eta 2001ean hauteskunde-arloan funtzionatu zuten eskemak berriz erabili nahi izan. Nik esaten dizuet Euskadin aurkakotasuna historiako beste garai batekoa dela eta ez dela itzuliko, Alderdi Sozialista ez dagoelako prest herriarentzako joko suizida horretara jolasteko, batez ere hori ez delako herritarrek nahi dutena.
Zuek lokomotoren arteko talkak iragartzen badituzue, nik elkarrizketarako bideetaz hitz egiten dut. Etengabeko gatazkaren garaira itzultzeaz hitz egiten baduzue, nik etengabeko hitzarmeneko garaiaz eta herri egiteko denon indarraz hitz egiten dut.
Zorionez, herritarrek badakite badagoela gauzak egiteko eta gobernatzeko beste modu bat. Badagoela bide zabalago bat, eta denok gure lekua dugula bide horretan. Eta bide hori egingo dugu. Euskadi denon artean egingo dugulako, eta ez batzuek beste batzuen aurka.
Seguru nago horretaz.