Portugaleteko nautika eskola nazioarteko erreferentzia bihurtzea proposatu du PSE-EEk, ingelesa hizkuntza nagusi izanda
Euskal Sozialistak Biltzarkide Taldeak Legebiltzarrari proposatu dio ostegunean onetsi dezala Portugaleteko Nautika eta Itsasontzi-makineriako Eskolako ikasketetan ingelesa pixkanaka zabaltzeko planifikazioa, ikastetxea ikasketa horietako nazioarteko erreferentzia bihurtzearren.
Jon Azkua legebiltzarkideak Portugaleteko ikastetxeko ikaskuntzen kalitatea aldeztuko du Legebiltzarrean. Ikastet6zean Itsas, Nautika eta Itsas Garraioko Graduak irakasten dira, baita Itsas Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra eta Nautika eta Itsas Garraioko Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra ere. “Baina Eskolaren trebakuntza maila handia ezin da gai horiek irakastera mugatu, mundu luze-zabalean jarduera burutzeko profesionalek erabili beharko duten hizkuntza ere ondo baino hobeto menperatu beharko dute.
Azkueren ustez, Unibertsitatera hurbildu behar da ikasleek topatuko duten errealitate profesionala, eta nautikako ikasketei dagokionez, komunikatzeko hizkuntza ingelesa izango da. “Marinelen mundu profesionalak lotura estua du ingelesarekin, bai itsasontzietan bai ontzi-enpresetan, kontsigna-enpresetan etab. Hori dela eta, ingelesa ikasgai hutsa izatea ez da nahikoa. Karrera osoa, ikasgai guztiak ingelesez egin behar dira. Horrela bada, Portugaleteko Nautika Eskola nazioarteko erreferentzia bihurtuko da Europan, eta hango ikasleak ere erreferente bihurtuko dira itsas lan-munduan”, azaldu du
Azkuek gaineratu duenez, Euskadiko ikasleen kasuan, Nautikako Eskolan sartzen dira gazteleraz eta euskaraz ikasi ondoren, eta nautikako ikasketetarako “ingelesa ez da soilik hizkuntzen aldetik aberasteko modu bat, profesional moduan aurrera egiteko aukera bermatzeko modu bat baizik. Horri esker, euskaldunak, aurreko mendeetan bezala, munduko erreferente izango dira itsas munduan".
“Nautikako ikasketetako graduak eta masterrak ingelesez irakasten badira, ikasleek mundu luze-zabaleko izen handiko irakasleen ezagutzetara hurbiltzeko aukera izango dute, eta beste herrialde batzuetako Nautikako ikasleek lortuko dute egun ezin dena lortu, Portugalete, Bizkaia eta Euskadi ezagutu eta aberastea", nabarmendu du.
Hori dela eta, zenbait neurri hartzen hastea proposatu du, 2019-2020 ikasturtean Nautikako Goi mailako Eskolako gradu eta masterren ikasketa-planak ingelesez irakats ditzaten.