PSE-EE Enplegu Publikoko Plan bat proposatu du bitarteko kontratuak gutxitzeko eta administrazioaren txandaketa bermatzeko

Euskal Sozialistak Legebiltzar Taldeak Euskal Herri Administrazioan enplegu-plana egitea proposatu du, belaunaldiz belaunaldiko txandaketa "pentsatu eta adostua" bermatuko duena, langile publikoen erretiroen ondorioz lanposturik galdu gabe; gainera, bitarteko kontratuen kopurua gutxitzea ere du helburu. Horretarako, “azken ondorioetara arte aztertu nahi ditu 2014. urtean bertan enplegu publikokora eskaintza egiteko aukera".
Aste honetan erregistratutako ekimen batean, Idioa Mendia legebiltzarkideak gogoratu du Euskal Administrazioa nahiko gaztea dela beste batzuen aldean, “baina langileei dagokionez zahartzen ari dela”, funtzionarioen adina bataz beste 53 urtekoa baita, eta bitarteko langileen kasuan 50 urtekoa. Funtzionarioen goiko mailei dagokienez, erreferentziako adin hori handiagoa da, “eta horregatik, erne egon beharko gara langileen aldetik ezagutzarik galdeko ez ote dugun, eta belaunaldiz belaunaldiko txandaketarako eta trebakuntzarako zenbait ekintza diseinatu beharko ditugu”.
Belaunaldiz belaunaldiko txandaketaz gain, Mendiak XXI. mendeko administrazio baterako “aldaketaz” hitz egin du. Administrazio horretan, zenbait tramitazio telematiko egin ahal izango dira eta zenbait helburu izango ditu, hala nola, papera ez erabiltzearena eta administrazio-antolaketan berrikuntza eta bikaintasuna sartzearena. “Beraz, etorkizunean beharko dugun Administrazioa antolatzeko eredua diseinatzeko unea dugu, eta diseinua eginda, beharrezkoak diren enpleguko eskaintza publikoak planifikatu beharko dira ondoko helburuak lortzearren: etorkizuneko erronkei erantzutea, belaunaldiz belaunaldiko txandaketa egitea eta bitarteko langileen kopurua gutxitzea”, azaldu du.
Hori dela eta, legez besteko proposamen batean Eusko Jaurlaritzari proposatu dio Euskal Administrazioaren Enplegu Plana egin dezala, “beste antolaketa-diseinu bat jasoko duena, eta modu hausnartu eta adostuan belaunaldiz belaunaldiko txandaketa planifikatuko duena; gainera, langile publikoen erretiroaren ondorioz ezagutzarik galduko ez dela bermatu beharko du" azaldu du, eta gainera, "2014. urtean bertan enpleguko eskaintza publikoa egiteko aukera azken ondorioetara aztertzea" proposatu du.
Ekimen honekin batera, legebiltzarkide sozialistak, bihar, Legebiltzarreko Osoko Bilkuran ondokoa aldeztuko du: Jaurlaritzak Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean negoziaketa-plataforma bat eskain dezala, eta horretan zenbait alderdi jasoko dira, besteak beste, lanaldia, kontziliatzeko neurriak eta telelana sustatzea, Enpleguko Eskaintza Publikoak egitearen inguruko negoziaketa, ordezkapenen araubidea, absentismoaren murrizketa eta zenbait lan kanpoan egiteko aukera murriztea.