PSE-EE ez du Euskal Administrazio Publikoaren Legea onartu gardentasunari eta bikoiztasunekin amaitzeari uko egiten dielako
Pastorrek ohartarazi duenez, proiektua estatuaren legearen “kopia txar bat” da, eta baliabide publikoen kontrolean “atzera pausu bat” ematea da
![José Antonio Pastor (artxiboko irudia). [Argazkia: EUskal Sozialistak]](/upload/foto-original-Jos-Antonio-Pastor-en-una-imagen-de-archivo-Foto-Socialistas-Vascos-Jos-Antonio-Pastor-artxiboko-irudia-Argazkia-EUskal-Sozialistak-54feb9ea1d81a.jpg)
Euskal Sozialistak Legebiltzar Taldeak Euskal Herri Administrazioaren Legea berriz Jaurlaritzari bidaltzea eskatu du; izan ere, “erabateko gardentasunerako” proiektuari uko egiten dio, baita “erakunde-egitura sinplifikatuz egungo bikoiztasunak amaitzeari ere”. Hori dela eta, “gai hori antolatzeko orduan autogobernu osoa erabiltzeari uko egitea da estatu mailako legeak egituratuko baitu testu osoa”.
Taldeko bozeramaileak, Jose Antonio Pastorrek, gogoratu duenez, "Urkulluren Gobneruak Euskadin gardentasunaren arloan inoiz egindako aurrerapen handiena jaso zuen: Irekia, Open Data, Kontratatzailearen profila, Administrazio elektronikoaren arauketa... Esperientzia ireki hori nazioarte mailan onartu da, eta ez zegoen hori exijitzen zuen legerik”. “Eta aurretik jasotako aurrerapenaren aurrean, konpromisoari lege-forma eman behar dionean, estatu mailako legearen kopia txar bat baino ez ditu utzi nahi", salatu du.
Pastorren azaldu du “lengoaia nahasgarria dela, gardentasunaren aurkakoa”, eta horren bidez gai horretan “atzera pausua” ekarriko duen eredua aukeratu duela Eusko Jaurlaritzak. “Beste administrazio batzuk oinarrizko arauketan ere oinarritzen dira, baina haratago joateko, gardentasuneko eredu publiko apartak, konkretuak, argiak eta handinahiak definitzeko, herritarrek erakunde publikoak nola funtzionatzen duten modu eraginkorrean ezagutzeko aukera izan dezaten. Beste administrazio batzuek zenbait neurri hartzen dituzte aurrekontuen kontrola egin ahal izateko, baita burututakoaren kontrola ere, edo beste kontratazio batzuk kontrolatu ahal izateko (kontratu txikiak barne). Eusko Jaurlaritzaren ustez, kontratu txikietarako dekretuaz ezarritako itxituraren harira, estatu mailako legearen kopia txarra aukeratu du, eta horren bidez, Euskadi arauketaren azken muturrera joango da”, nabarmendu du.
Erabateko gardentasuna eta erakunde-egitura sinplifikatzea
Legebiltzarreko bozeramaile sozialistak erabateko gardentasunaren alde egingo duen Legea aldeztu du: “herritarrei euro publiko bakoitzaren jarraipena egiteko aukera emango diena”, eta betetzen ez bada, zigor-erregimena beharko da, lengoaiak argia izan behar du eta arauketak bermeak eskaini beharko ditu, “ezin da gardentasuna utzi unean-uneko gobernuaren nahi politikoaren esku”. Alderdi horiek guztiak, Taldeak aurkeztuko dituen ehunka zuzenketa partzialetan jaso dira. Horrez gain, osoko zuzenketa ere aurkeztuko du.
Baliabideen eta erabaki publikoen kontrolean dauden gabeziez gain, sozialistek ikusi dute Jaurlaritzak argi egin diola uko sektore publikoaren egitura berrantolatzeari Udalen Lege proiektuekin (izapidetzen ari dira) eta Lurralde Historikoen Legearen erreforman egindako lege-proposamenekin bat etorriz, testuak ez baititu aintzat hartu. Hortaz, arauketa “handinahia" falta da; arauketa horrek zehazki definitu beharko ditu Adminsitrazio Publikoak, bere Organismo Autonomoek eta Zuzenbide Pribatuko Entitate Publikoek zein entitate instrumentalek (Sozietate Publikoak, Fundazioak, Partzuergoak) zer tresna erabiliko dituzten. Sozialisten ustez, Legeak trantsizio-epe bat jaso behar du, eta horretan, egun lanean diren entitateek Legera egokitu beharko dute. Horrez gain, sistema bat behar da zehatz-mehatz kontrolatzeko aurrekontua eta Administrazioa eta entitate instrumentalak osatzen dituzten entitateen eta pertsonen funtzionamendua eta araubidea; sorreran zituzten helburuak betetzen dituztela kontrolatu eta ebaluatu behar da. Horrez gain, egungo erakunde-egitura konplexua sinplifikatu beharko luke, askotan ez baita eraginkorra eta garestiegi baita.
Gainera, udal eta foru sektore publikoaren, Arartekoaren, Kontuen Euskal Epaitegiaren, Datuak Babesteko Agentziaren eta Legebiltzarraren beraren funtzionamendu-printzipioak finkatu beharko ditu Legeak, baita Elkargo Profesionalen, EHUren, itunpeko hezkuntzaren printzipioak ere, herritarren zergen bidez lortzen baitituzte baliabideak.
“Sozialistok proposamenaren aurkakoak gara. Euskal herritarren mezua ulertu dugu, eta gure inguruko guztien bezala, Administrazio Publikoari gehiago eskatzen diote, baina Jaurlaritzak ez du jakin nahi hori jasotzen. Euskal gizarteak Administrazio modernoa, egungo beharretara egokitua, gizarteari balio erantsia ematekoa eta gardena eskatzen du. Hori dela eta, Jaurlaritzak proiektu argi eta handinahi bat bidali behar du, euskal erakunde-egitura antolatzearen eta sinplifikatzearen alde, politika publikoak ebaluatzearen alde, administrazioaren alde, erabateko gardentasunaren alde egingo duena, herritarren eskatzen duten informazioari dagokionez egunean egongo dena. Horregatik, testua itzultzeko eskatzen dugu”, argudiatu du Pastorrek. Eta Jaurlaritzari ohartarazi dio “sozialistok ez dugula zuekin egingo iraganerako bidaia”.