PSE-EE ontzien sektorerako konponbide bat eskatu du, enplegua eta ontziolen etorkizuna babestekoa

Euskal Sozialistak Legebiltzarkide Taldeak ondokoa proposatu du: Euskadiko zein Espainiako Gobernuek Europan ontzien sektorerako konponbide bat “indar guztiarekin eta beharrezko kemenarekin defenda dezatela, ontziolen etorkizuna arriskuan jarriko ez duena eta dagoen enpleguarekin jarraitzearen alde egingo duena”.
Euskal Sozialistak saiatuko dira Eusko Legebiltzarrean bihar guztien adostasuna lortzen. Horretarako, ontzien sektorearen industria-etorkizunaren gainean dagoen beste “mehatxu” baten inguruko erakunde-adierazpen bat egin dute, hau da, “Europar Batasunak merkataritza-politikari buruz egin duen ebaluazioaren interpretazioa eta ondorioak".
“Ebaluazio bakoitzaren azken emaitzaren eta laguntzak itzultzeko nahiak izan ditzakeen ondorio ekonomikoen arabera, ontziolak eta horien inguruan ekonomikoki mugitzen diren guztiak, desagertzeko arriskuan egon daitezke”, ohartarazi du proposamen horretan taldeko idazkari nagusi Txarli Prietok.
Ordezkari sozialistak gogoratu du “zer garrantzia duen” sektore horrek ekonomian eta enplegu mailan eta, beraz, Eusko Legebiltzarrak “horren alde egin beharko du”. Hori dela-eta, bilkuren aldi arrunta amaitzear dagoenez eta Europar Batzordeak laster erabaki bat har dezakeenez, Prietoren ustez behar-beharrezkoa da Legebiltzarrak premiaz Europar Batasunari ondokoa eskatzea: “ontziolen ekonomia eta merkataritza kudeaketari buruzko interpretazioek eta horren inguruan hartzen diren erabakiek ezingo dutela horien geroa arriskuan jarri, alderdi guztien interesen bat etortzea bilatu beharko dutela eta, batez ere, dagoen enpleguarekin jarraitzearen alde egin beharko dutela, Europar Batasunaren ekonomia eta gizarte politika guztien benetako helburua baita hori”.
Gainera, berariaz eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari proposamen politiko horren alde egin dezatela "beharrezkoa den indar eta kemen guztiarekin”.