PSE-EEk berriz esan dio Eusko Jaurlaritzari kide diren taldeei informazioa erosteko erabili duen dirua berreskuratu behar duela

Talde Sozialistako bozeramaileak, José Antonio Pastorrek, ohartarazi duenez, “legearen aurkako ekintzak, esaterako, Urkulluren Gobernuak gauzatutakoak, ezin dira doakoak izan eta ondorioak izan behar dituzte" Eta berriz exijitu egin dio Eusko Jaurlaritzari berreskura dezala informazioa erosteko erabili duen diru publikoa; izan ere, Gobernu nazionalistaren eta horren alderdiaren antzeko jarrerak dituen berri-talde bati eman dio aipatutako dirua.
José Antonio Pastorrek hori guztia azaldu du Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean Lehendakariak egin duen agerraldiaren ostean. Sozialisten ekimenez burutu du aipatutako agerraldia. Gehiengo osoarekin, eta oposizioko talde guztien aldeko botoa duela, Diputazio Iraunkorrak gaur erabaki du, besteak beste, salatzea Eusko Jaurlaritzak urratu egin duela Erakunde Publizitate eta Komunikazio Legea, eta, hortaz, eskatu egin diote urratutako legea konpon dezala, “eta ezkutuko publizitaterako erabili duen diru publikoa berreskura dezala”.
Halaber, Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatu egin dio “ez dezala berriz erakunde-kanpainarik egin, sustatu edo zabaldu, ez baditu erakunde-kanpaina gisa argi identifikatzen eta ez badu kontratatzen duen Administrazioa edo entitate sustatzailea aipatzen”. Amaitzeko, Lehendakariari eskatu egin diote irregulartasun horien inguruan dagozkion ardurak gain hartu eta argi ditzala.
“Ez dugu onartuko —aipatu du José Antonio Pastorrek— gerora begira Gobernu honek edo beste batek legeen gainetik jarduteko aukera izan dezala kide direnei mesede egitearren. Ez dugu onartuko herri honetako Gobernuak jarduteko orduan albo batera utz ditzala erakunde-ordezkaritza gorena dutenei exijitu beharreko portaera-arauak. Ezta gardentasuna eta berdintasun-printzipioa ahaztu ditzala ere, herritarrei euskaldun guztiak ez garela berdin adierazten baitie".
Bozeramaile sozialistak Lehendakariari leporatu dio bere Gobernuak “diru publikoa erabili duela ezkutuko publizitatea egiteko kide den talde bati esleituta, eta informazio itxura eman diola horri; modu horretan, ez du bete Erakunde Publizitatearen Legea, eta bere Kode Etikoa ere”. “Eta zure gobernuko zenbait kidek azken egunotan onartu egin dute behintzat ez-ohiko jarduera izan dela”, gaineratu du.
“Ez da publizitatean egiten den gastuari buruzko eztabaida bat —zehaztu du José Antonio Pastorrek—, ezta komunikabideei eta hainbat bidetik lor dezaketen diruari, edo komunikazio-talde jakin batzuei eta horien inguruan dugun iritziari buruzko eztabaida ere. Publizitatea talde horretan bertan egin zezaketen, baina Eusko Jaurlaritzak babestutako tartea zela aipatu behar zuten, eta ez dute hori esan. Gardentasunari eta baliabide publikoen erabilerari buruzko eztabaida da, eta ezin diogu eztabaida horri modu arinean eta alderdikoan ekin. Hori dela eta, diru publikoa berreskuratu beharra dagoela diogu berriz, eta Jaurlaritzako Kode Etikoaren Jarraipen Batzordeak lan egin beharko du gai horren inguruan”.