PSE-EEk Bruselako terrorista-atentatuak kondenatu ditu
EAJri eta Podemosi eskatu die Yihadismoaren aurkako itunarekin bat egin dezatela “demokraten ekintza-unitatea beharrezkoa delako halako mehatxuen aurrean”
PSE-EEko Batzorde Exekutiboak goizean Bruselan gertatutako atentatu terroristak kondenatu ditu, eta biktimekiko eta senide eta lagunekiko elkartasuna adierazi du.
Komunikatu baten bidez, Euskal Sozialistek azaldu dute Belgikako hiriburuan gertatutako “erasoen basakeria dela-eta ikaratuta eta hunkituta daudela”, eta "Euskadin bereziki sentitzen dutela indarkeria terrorismoa zenbait urtez pairatu baitugu".
“Sufritu dugulako eta garaitu dugulako, berriz ere bizitzarekiko, pertsona guztien askatasunarekiko (jatorria edozein izanda eta pentsatzeko modua edozein izanda ere) eta giza eskubideekiko konpromisoa adierazi nahi dugu”, aitortu du.
Halaber, PSE-EEk Espainiako alderdi nagusien erabakia txalotu du, hau da, Askatasunen Aldeko eta Terrorismoaren Aurkako Unitatea Sendotzeko Akordiorako bilera bat berpizteko eta deialdia egitekoa (Yihadismoaren aurkako ituna izenekoa), eta kanpoan diren taldeei eskatu die (EAJ eta Podemosi, esaterako), itunarekin bat egin dezatela.
"Kondenatzeko adierazpenak ez dira nahiko. Argi dago denok izutzen garela halako gertaerekin. Halako mehatxuen aurrean (eta hau euskal herritarrok ondo dakigu) beharrezkoa da alderdi demokratikoen ekintza-unitatea terrorismoari modu eraginkorrean aurre egiteko, baina baita gizarteari elkar-ulertze edo sendotasun mezu bat eta zenbait balore bidaltzeko ere”, aipatzen du komunikatuak.
Amaitzeko, PSE-EEk iragarri du bat egingo duela erakundeek kondenatzeko egingo dituzten kontzentrazioekin, eta Euskadiko herritarrei eskatu diete gauza bera egiteko “indarkeria gehiago ez dugula nahi esateko, ez dugula heriotza gehiago nahi, gure arteko aldeak ugari izan daitezkeela, baina badagoela batzen gaituen gauza garrantzitsuago bat: bizitzarekiko eta askatasunarekiko errespetua".