PSE-EEk Enplegurako Itun handia proposatu du, euskal gizarte osoa gain hartuko duena
Eusko Jaurlaritzari eskatu dio langabeziaren aurkako borroka zuzentzeko, gainontzeko administrazioekin, sektore pribatuekin eta eragile sozialekin

PSEk gaur Eusko Legebiltzarrean Lehendakariari zuzendutako interpelazio bat erregistratu du. Interpelazio horren bidez, Eusko Jaurlaritzatik Enplegurako Itun garrantzitsua zuzentzeko eskatu dio, euskal gizarte osoa konprometitzeko modukoa, baita Exekutiboarekin gai horren inguruan sozialistek sustatutako akordioa, hots, 2014-2016rako Enplegua eta Ekonomia Biziberritzeko Esparru Programa, indartu eta osatzeko ere. “Ados bagaude langabezia arazorik larriena eta premiazkoena dela, adostu beharko dugu herrialde mailan ez-ohiko ahalegina beharrezkoa dela, sektore guztiak helburu batekin batuko dituena. Gizarte moderno, solidario eta lehiakorrago batek ezin du onartu lan egiteko adinean diren biztanleen seirena halabeharrez lanik gabe izatea”, adierazi du Euskal Sozialisten legebiltzar taldeko bozeramaileak, José Antonio Pastorrek.
PSEren ekimena, urtarrileko langabeziaren inguruko datuak zabaldu direnean aurkeztu da. Datu horien arabera, Euskadin hilabete horretan 6.797 langabetu gehiago ditugu, eta Gizarte Asegurantzan afiliatu gutxiago daude. Lanbideko bulegoetan 174.000 pertsona baino gehiagok eskatu du lana, eta langabezia-tasa % 15 baino handiagoa da. Hau da, lan egiteko adina duten sei euskaldunetatik batek ezin du lanik aurkitu.
2008tik gure Erkidegoan milaka enplegu galdu dira, eta prestakuntza egokia duten milaka gaztek ezin izan duten lan-merkatuan sartu; horixe da krisi ekonomikoaren ondorio nagusia. Ondorio nagusi hori arintzea da 2014-2016rako Enplegua eta Ekonomia Biziberritzeko Esparru Programaren helburua. Esparru programa hori, Eusko Jaurlaritzak onetsi zuen urtarrilaren 27an, Alderdi Sozialistak EAJrekin eta Jaurlaritzarekin Euskadi modernoago, solidarioago, iraunkorrago eta lehiakorragoa lortzeko sinatu zuen Akordioaren ondorioz.
Zalantzarik gabe, jarduera garrantzitsua da; izan ere, hiru urtean 6.475 milioi euro mugituko ditu eta lanpostuak sortzen eta ditugunak mantentzen lagunduko du. “Baina, gure ustez, arazoaren neurriagatik eta gizarte-ehunean izan duen eragin sakonagatik, herri osoa behar da hori gainditzeko. Langabeziari aurre eiteko ahalegin guztiak batu behar dira, eta herri administrazioez gain, ekonomian parte hartzen duten eragile guztiek ere lan egin beharko dute. Enplegurako itun garrantzitsua behar dugu, aurrean dugun erronkari aurre egiteko modukoa”, adierazi du José Antonio Pastorrek.
Hori dela eta, Euskal Sozialistek gaur Legebiltzarrean interpelazio bat aurkeztu dute, lehendakariari ondokoa eskatzeko: akordio bat susta dezala bete administrazio batzuekin eta eragile ekonomiko eta sozialekin 2014-2016rako Enplegua eta Ekonomia Biziberritzeko Esparru Programa osatzeko eta indartzeko neurriak adosteko. Halaber, Gizarte Elkarrizketarako Mahaia abian jartzeko eskatu diote, enpleguaren aldeko konpromisoa gain hartzen duten eragileekin zenbait ekimen adostu eta egituratzeko.