Prentsa-aretoa

Berriak

PSE-EEk Estatutuak “euskal herritarren arteko topagune” direla aldezten jarraitzen du

José Antonio Pastor, Eusko Legebiltzarrean.
José Antonio Pastor, Eusko Legebiltzarrean.

Talde Sozialistaren bozeramaileak, José Antonio Pastorrek, gaur berriz Estatutuak “hainbat moduz pentsatzen dugun, herri anitz baten bizi garen eta anitz izaten jarrai dezan nahi dugun euskal herritarren topagune direla” esan du.  Eusko Legebiltzarrean esan du hori, urriaren 25a —estatutuen inguruko erreferendumaren urteurrena— Euskadiren Eguntzat hartu zuen Legea indargabetzeko EAJk egin duen Lege Proposamena eztabaidatu dutenean.  

“Gobernu honek —esan du José Antonio Pastorrek— baietz esan zion zure alderdiaren proposamen bati, nahiz eta proposamen hori lehentasunezkoa ez izan, eta egun horretan bertan ezetz esan zion beste proposamen bati, sozialistek egindako bati, eta proposamen horrek jendearentzako lehentasun argi bat aldezten zuen, etxebizitza bermatzekoa alegia”.

José Antonio Pastorrek dio Eusko Jaurlaritzak nazionalisten proposamenari baietz esan diola barnean dituen kontraesanen ondorioz.  “Egun batean —azaldu du— euskal herritarrek aukeratzeko dugun eskubideaz hitz egiten digu, beste egun batean gure Udalen Legearen edo Etxebizitzaren Legearen inguruan erabakitzeko Gobernu zentralak esaten duenari itxaron behar diogula dio.  Beste batean Konstituzio gogor defendatzen du, Kontzertu Ekonomikoa eraso dutenean, eta hurrengo egunean independentisten jantzia jartzen du, euren lehiakide zuzenenak ekiten hasten direnean, EH Bilduren hauteskunde-sareari ere onura atera nahi diotelako.

Esan ondoren Urkulluren Gobernuaren “kezkarik nagusiena bere botere-eremua aldeztea dela, eta ez herritarren arazoak ebaztea”, José Antonio Pastorrek ondokoa ere ziurtatu du: “nazionalismoaren lehentasunen eta euskal gizartearen gehiengoaren lehentasunen artean, Gobernu honek beti nazionalismoaren lehentasunen alde egingo duela".

Talde Sozialistaren bozeramaileak amaitzeko esan du EAJk aurkeztutako proposamena “jendearen benetako arazoak ezkutatzeko eta Gobernuak horiei ekiteko duen gaitasun eza estaltzeko ahalegina baino ez da, eta herritarrek, gainera, hori jakin badakite.”   

Beste berri batzuk...

Iruzkinak