PSE-EEk Euskadin sistema berri bat sustatuko du herritarrek jakin dezaten zein den euren egoera itxarote-zerrendetan
Legebiltzarraren babesa lortu du eta, horri esker, baterako ordainketaren konpentsazioko onuradunek osasun zentroetan jakin ahal izango dute zer eskubide duten

Euskal Sozialistak Legebiltzar Taldeak Legebiltzarraren babesa lortu du informazio sistema bat ezarri ahal izateko. Sistema horren arabera, herritar guztiek jakin dezakete osasuneko itxarote-zerrendan non dauden, edo hitzorduaren zain baldin badaude, zein egoeratan dauden ikusi ahal izango dute. Neurri horren bidez, herritarrek ez dute “susmorik edo zalantzarik” edukiko. Gainera, beste ekimen baten bidez, ondokoa lortu du: kontsultategi, osasun-zentro edo farmazia guztietan gaixoek osasuneko baterako ordainketagatik konpentsatuta izateko eskubideari buruzko informazioa jaso ahal izango dute.
Osasuneko bozeramaileak, Blanca Roncalek, Batzordera eraman du Espainian berria den ekimen bat. Ekimen horren arabera, “osasun zerbitzu publikoa behar duen herritarrak jakin ahal izango du zein den bere egoera, zenbat itxaron behar duen arreta jasotzeko, zenbat pertsona dauden egoera horretan, epeak luzatzen edo laburtzen diren, eta guztiontzako arintzen edo laburtzen diren edo ez”. “Horren bidez, herritarrak ez du susmatuko beste batzuei mesede egiteko atzean utziko dutela eta, nahi izanez gero, jarraipena egin ahal izango du", azaldu du.
Horretarako, “gure esku ditugun informatika-tresnak erabil ditzakegu, modu elektronikoan Administrazioarekin harremanetan jartzekoak eta, beste neurri batzuekin batera, tresna horiei esker, herritarrekiko harremana gero eta azkarragoa eta gardenagoa da”; hala eta guztiz ere, “argi dago ez dela itxarote-zerrendetarako konponbide bat, baina alderdi ilunak ezabatzen joan gaitezke, herritarrek ez baitute argi nola egiten duten lan botere publikoek”.
Roncalek gaineratu du ekimenaren helburua “gardentasuna” dela, itxarote-zerrenden inguruko eztabaida behin eta berriz agertzen baita. Hala ere, sozialisten sustatutako ebazpenean, Jaurlaritzari eskatzen zaio Osasun eta Kontsumo Batzordera bidal dezala, hilabeteko epean, 2013ko ekainean hitzemandako azterketa, hots, Osakidetzako kirurgiako itxarote-zerrenden egoerari buruzkoa. Horrela bada, “urtea amaitu baino lehen beharrezkoak diren arau eta antolaketa aldaketak egin ahal izango dira, herritarrei osasun-arreta ahalik eta lasterren emango zaiela eta gardentasun osoz egingo dela bermatzeko”.
Gainera, erabaki horren bidez, Osasun Sailari eskatzen zaio hilero Legebiltzarrera bidal dezala "osasun zentro bakoitzeko kontsultetan itxaron behar duten denborari buruzko dokumentazio zehatza, baita espezialitate bakoitzean egin diren diagnostiko-azterketen eta kirurgia ebakuntzei buruzkoa. Gainera, itxarote-zerrendak azaltzeko beharrezkoa den informazio guztia ere bidali beharko dute”.
Batera ordainketei buruzko informazioa
Bestalde, sozialisten beste ekimen baten ondorioz, Osasun eta Kontsumo Batzordeak onartu du informazio gehiago eman behar zaiela botiken baterako ordainketagatik konpentsazioa jasotzeko eskubidea izango dezaketen onuradunei. Horretarako, botikak agintzen eta eskuratzen diren lekuetara joan beharko dira. Horrela bada, farmakologia-tratamenduekin bat egitea arautzen duen dekretuan ezarritako helburuak bermatuko dira.
Roncalek gogoratu du Sailak emandako azken datuen arabera, urteko 18.000 euro baino gutxiagoko errenta duten milioi erdi pertsonatik ehuneko hamarrak baino ez duela eskatu konpentsatzeko eskubide horretaz baliatzea. “Horrek egiaztatu du horren inguruan genuen beldurretako bat, hau da, informazio gutxi ematen denez edo administrazio-prozedura neketsua egin behar denez, herritarrek ez dutela konpentsatzeko eskaera egiten”.
“Jakin badakigu badagoela kanpaina bat horren inguruan, onuradun izan daitezkeenek dekretu arautzaileak jasotako eskubideaz balia daitezen, bai baterako ordainketaren ondorioz ordaindutako kopuru hori itzul diezaieten, bai botika errezetatzeko unean konpentsazio hori eskatuta edukitzeko”, esan du.
Ordezkari sozialistak zehaztu egin du Legebiltzarrari egindako agindu horren bidez, “errezetak ematen dituzten osasun zentro guztietan, farmakologia-tratamenduen inguruko erabakiak hartzen diren mediku-kontsulta guztietan eta botikak eskuratzen diren farmazietan herritarrek zuzenean ezagutu ahal izango duela zer eskubide duen urteko 18.000 euro baino gutxiagoko errenta baldin badute, eta gainera, zuzeneko informazio horrez gain, komunikabideen bitartez informazio hori ere zabaldu beharko litzateke”.
“Dirurik ez edukitzeagatik ezin du inork botika bat erosi edo ez zalantzan jarri eta, dekretuak aurreikusi moduan, ez da inork geldituko medikuak agindutako farmakologia-tratamendurik gabe", esan du amaitzeko.