PSE-EEk Eusko Jaurlaritzari exijitu egin dio ahal duen guztia egin dezala Hirikoren patenteak esku pribatuen ez gelditzeko

PSE-EEko legebiltzarkide Vicente Reyesen ustez, Eusko Jaurlaritzak esku hartu behar du Hiriko auto elektrikoaren proiektuen garapen teknologikoen industria-patenteak esku pribatuetan geldi ez daitezen; izan ere, ia-ia garapen teknologiko guztiak diru-laguntza publikoren bitartez egin dira.
Eusko Legebiltzarreko Epsiloni eta Hirikori emandako laguntzen Ikerketa Batzordeko kidea da Reyes eta, bere ustez, Ekonomia Garapeneko sailburua ezin da ezer egin gabe gelditu entzun ondoren Afypaida elkarteak, Hiriko partzuergoaren sustatzaileak, agian erabaki duela hiru patenteren jabetzarekin ez jarraitzea, patente horiek auto elektrikoko proiektu horren garapenean egindako I+G lanen emaitza baitira. Patente horien ustezko onuradunak Hiriko partzuergoko zenbait parte-hartzailek sortutako enpresak omen dira. Partzuergoa konkurtso-prozeduran dago porrot egin ondoren.
“Eusko Jaurlaritzak zerbait egin behar du. Beraren ardura da, Afypaidaren konkurtso-lehiaketaren hartzekoduna delako, eta patentatutako garapen teknologikoetarako beharrezkoak izan zituzten diru-laguntzak eman zituelako. Ez badu ezer egiten, ezingo dira berreskuratu Afypaidari erreklamatzen zaizkion funts publikoak, guztiak edo zati bat behintzat”, azaldu du Vicente Reyesek.
Legebiltzarkideak uste du Ekonomia Garapeneko sailburuari egindako eskaera ez dela ikerketa batzordean erantzun behar, Legebiltzarrean badaudelako egoera azaltzeko beste modu batzuk. Egoeraz gain, azaldu beharko du zer egingo duen diru publikoaren bidez lortutako patenteei beste batzuek etekin atera ez diezaieten. Horren harira, gogoratu du ekainaren amaieran batzordeak agerraldi gehiago egingo ez zirela berretsi zuela, taldeek egokitzat jo dituzten pertsonei deitzeko aukera izan dutelako. Une honetan batzordeburua azken txostenaren zirriborroa idazten ari da, eta taldeek eurek ekarpenak egin ondoren, uztailaren 10ean bozkatu egingo dute.
Vicente Reyesen ustez, patenteen gaia Ikerketa Batzordearen helburuarekin lotuta dago, argitu behar baita zer ardura egon daitezkeen Epsilon eta Hiriko proiektuen ziriaren inguruan eta, horrez gain, zuhurtziazko neurriak ezarri beharko dira beharrezko oinarririk ez duten proiektu pribatuetan baliabide publikorik xahutu ez ditzaten.