PSE-EEk ez du loturarik eduki nahi “irrati-telebistako zerbitzu publikoa emateko proiekturik ez duen” EITBren zuzendaritzaren kudeaketarekin

Euskal sozialistek diote ez dutela zerikusirik EITBko egungo zuzendari nagusiak egiten duen kudeaketarekin; izan ere, zuzendariak hautsi egin du orain dela urtebete eman zioten konfiantza. Gainera, benetako zerbitzu publiko anitzaren alde egin dute, behar dituen baliabideen inguruan ideia argia izango duena, eskaintza hirukoiztu gabe euskararen alde egingo duena eta kontratazioen arloan gardentasun handiagoz jokatuko duena.
Legebiltzarkide eta EITBko Administrazio Kontseiluko kide diren Idoia Mendiak eta Mikel Unzaluk, gaur goizeko prentsaurrekoan, egungo zuzendaritzaren agintaldiaren lehen urtea aztertu dute, eta gogoratu dutenez, “orain dela urtebete konfiantzazko botoa eman genion Maite Iturberi EITBko zuzendari orokorra izateko”. “Egun uste dugu Iturbe ez dela konfiantza hori erantzuteko gai izan. Eta hamabi hilabete ondoren, irrati-telebista zuzentzen du, entitatearen sorrerari buruzko legearekin bat ez datorren lerro editorial bati jarraituz; gainera, zenbait apustu egin baditu ere, ez du ikusle-entzule kopurua handitu, ez du langileak antolatzeko ideiarik, eta produkzio-etxeekin kontratazioak egiteko politika oso iluna da. Hamabi hilabete igarota, Iturbek ez du irrati-telebistako zerbitzu publikorako proiekturik”, nabarmendu dute.
Akatsak zuzentzeko sozialisten “laguntza leiala” izan badu ere, azken hilabete hauetan egin dituen jarduerak aztertuta, zuzendaritza beti “defentsiban dagoela” eta konfiantza eman dioten horien oharrei ez diela erantzuten esan dute. “Sozialistok jarrera hori konfiantza-hausturatzat baino ezin dugu hartu. Baina entitateko zuzendariak eta bere taldeak amortizatutzat eman dute talde honek emandako laguntza; agian orain badutelako behar duten laguntza EAJ eta EHBildurekin; izan ere, lerro informatibo eta editoriala horren aldekoak dira”, esan du Unzaluk.
“EAJk jakingo du zer nahi duen egin irrati-telebista publikoarekin. Zuzendaria izendatzeko sozialistengana jo zuen, eta ez ezker abertzaleengana, baina orain nahiago du EHBildurekin bat egitea. Berak egindako aukeraketa da eta horretarako eskubidea du. Guk ez dugu inolako loturarik, zuzendariak erabaki baitu lotura hori haustea, gurekin ez jarraitzea. EAJk jatorrizko arazo bat eduki zuen EITBren kudeaketarekin, azken unean ez baitzuen lehen aukera gauzatzera ausartu, eta egun Iturbek ezin du EITBrekin jarraitu. Gure ustez, arazoa berriz EAJrena eta Jaurlaritzarena da", laburbildu du.
Zerbitzu publiko benetakoa eta anitza
Egoera zein den egiaztatuta, Mendiak argitu duenez, “sozialistok irrati-telebistako zerbitzu publikoaren alde gaudela diogu berriro”. “Jarraituko dugu oposiziotik lan egiten entitatea hobetzearren, baina aldezten ez ditugun erabakietatik aldenduko gara; gainera, EITBko arduradunak ez dira erabaki horiek azaltzen saiatu", gaineratu du.
Bozeramaile sozialistak azaldu du taldeak jarraituko duela lan egiten EITB benetako zerbitzu publikoa izan dadin lortzearren, "ez beste komunikabide bat izan dadin”. Horretarako, “lehiakide dituen komunikabide pribatuek egiten dutena egin behar du: Euskadin gertatzen den guztiaren berri ematea modu zabalean eta anitzean, eta ez eragile politiko eta sozial batzuek mahai gainean jartzen dituzten gaien berri ematea".
Lerro editorialaz gain, esan du EITBk euskararen erabilera normalizatzeko funtzioa ere baduela "baina ezin dugu euskarazko hiru telebista-katek sortzen duten gastuaren alde egon, horixe baita zuzendariak lortu nahi omen duen eredua” (eta Iturbek berak hori onartu zuen Legebiltzarrean orain dela gutxi egindako agerraldian), “ez dugulako onartzen diru publikoarekin eskaintza hirukoiztea”.
Ordezkari sozialistek, gainera, datozen garaietarako giza baliabideen antolaketa ez dutela “definitu” diote, “ezin delako Enplegu Eskaintza bat iragarri horren deialdia egiteko lege-oinarririk eduki gabe, ezin delako euskara baldintza izan gabe lanpostua lortu dutenak alde batera utzi eta langile horientzat planik ez eduki, eta ezin delako hitzarmen kolektiboan aldaketak egingo direla esan langileen ordezkariekin ezer adostu gabe”. “Gatazken hazia erein dute”, ohartarazi du Mendiak.
Azpikontratazioei dagokienez, gardentasun handiagoa eskatuko da; izan ere “ezin da sektore publikoaren plan birdimentsionatua eduki, eta gardentasuna hobetzea ere helburu duen Herri Administrazioen Legea egiten ari bagara, EITBk ezin du hori alde batera utzi eta askatasun osoz erabaki zein ekoizpen-etxerekin lan egin, are gehiago ekoizpen-etxe horietan kudeatzaileen eta goi-kargudunen sistema iluna baldin bada".
“Lerro horietan lan egitea proposatu genion EITBren zuzendaritzari zuzendariari geure konfiantza eman genionean, eta hark gure laguntza zuzena alde batera uztea erabaki badu ere, jarraituko dugu oposiziotik lan egiten” ondorioztatu du. Gainera, kazetarien galderei erantzun die eta azaldu du ez dagokiola oposizioari norbaiten dimisioa eskatzea, bazik eta Jaurlaritzak duela entitatea zuzentzeko egokia izan daiteken pertsona proposatzeko ardura.