PSE-EEk Gobernuari eskatu egin dio ikerketa eguneratua egin dezala ekonomia ezkutuak eta Euskadiko zerga-iruzurrak Euskadin duten garrantziaren inguruan
![Euskal Sozialistak Legebiltzar Taldea. [Argazkia: Euskal Sozialistak]](/upload/foto-original-Grupo-parlamentario-Socialistas-Vascos-Foto-Socialistas-Vascos-Euskal-Sozialistak-Legebiltzar-Taldea-Argazkia-Euskal-Sozialistak-5448ce9252af5.jpg)
Euskal Sozialistak Legebiltzar Taldeak legez beste proposamen bat aurkeztu du gaur; horren bidez, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio azterketa bat egin dezala argitzeko zer garrantzi suen Euskal Autonomia Erkidegoan ezkutuko ekonomiak, zerga-iruzurra zein jarduera-sektoretan ematen den batez ere, eta zer eragin duen zerbitzu publikoak finantzatzeko beharrezkoak ditugun baliabideak lapurtzeak. “Ahalik eta zehaztasun handienarekin ezagutu nahi dugu ezkutuko ekonomiaren tamaina eta ezaugarriak, behar-beharrezko abiapuntua baita Euskadin iruzurrari aurre egiteko politika eraginkorrak diseinatu ahal izateko”, adierazi du Txarli Prieto legebiltzarkideak.
Hori dela eta, Euskal Autonomia Erkidegoan gai horren inguruan egindako azken berariazko azterketa 2006koa dela gogoratu du: UPV-EHUko Ekonomia Publikoaren Institutuak egin zuen Bizkaiko Foru Aldundiak eskatuta. Azterketa horren inguruko eguneraketa bat zuzendu zuen Ogasun Publikoko katedradun Ignacio Zubirik, Gobernu sozialistak agindutako “Euskal Autonomia Erkidegoan erreforma fiskala egiteko oinarriak” txostenaren zati bat zen, eta iruzurra Barne Produktu Gordinaren % 20koa dela kalkulatu zuen. 2003ko zerga-datuak 2009ko zerga-presio mailara estrapolatuta, azterketak ondorioztatu zuen zerga-ihesak kutxa publikoentzat urteko ia 2.500 milioi euroko galera ekartzen zuela.
Zerga Iruzurrari aurre Egiteko Batzordeko kideek egindako agerraldian argi esan zuten ez dagoela azterketa eguneraturik zerga-iruzurrari buruz. Eusko Jaurlaritzako eta hiru Ogasunetako ordezkariek osatzen dute aipatutako Batzordea. Euskal Sozialistak taldeak eskatu zuen aipatutako agerraldia gauzatzea, azal dezaten zein diren Zerga Iruzurrari batera Aurre egiteko Planaren (ekitaldi honetarako lehendabizi egindakoa) irizpideak eta edukiak.
Hori dela eta, legebiltzarkide sozialistak izenpetutako Legez beste Proposamenak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio hitzarmen bat sina dezala UPV-EHUko Ekonomia Publikoaren Institutuarekin, Institutu horrek, Foru Ogasunen laguntzarekin, ahalik eta txosten osoagoa egin dezala Euskadin dugun zerga-iruzurrari buruz. "Ezkutatzen diren edo Ogasunari iruzur egiten dioten zergadunei ahalik eta sendotasun handiagorekin aurre egitea, eta dagozkiena baino gutxiago ordaintzeko zenbait lege-azpijoko egiten dituztenei aurre egitea exijentzia legala eta morala da. Horretarako, iruzurraren errealitatearen eta ekonomia ezkutuaren inguruan ahalik eta informazio eguneratuena behar dugu, horiei aurre egiteko tresnak zehaztearren”, azpimarratu du Txarli Prietok.