PSE-EEk lortu egin du Legebiltzarrak erreklama dezala bankuak ikuskatzeko eta gehiegizko baldintzak zigortzeko
Eusko Legebiltzarrak ostegunean sozialisten ondoko proposamenaren alde egin du: Euskadin lan egiten duten bankuak ikuskatu eta kontratuetan agertzen diren gehiegizko baldintzengatik zigortzekoa, betiere dauden ebazpen judizialekin eta indarreko legeekin bat etorriz.
Kontsumoko bozeramaileak, Txaro Sarasuak, ekimen hau sustatu du uste duelako talde guztiek, zenbait esparru juridikotatik eman diren sententziekin, jakin badakitela kredituak, hipotekak eta beste banku-produktu batzuk emateko orduan gehiegizko baldintzak jartzen dituztela. “Sozialistok aurkeztutako Legez Besteko Proposamen hau horregatik da garrantzitsua; Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu, horren bidez, gure Autonomia Erkidegoan lan egiten duten kreditu-entitateak ikuskatzeko plan oso bat premiaz egin eta abian jar dezala, gehiegizko baldintzak erabiltzen badira, horiek antzeman eta zigortzeko. Gainera, hiru hilabeteko epean Legebiltzarrera bidali beharko du aipatutako plana”, azaldu du.
Sarasuak dio notarioek hipoteka-eskritura bat izenpetzen dugunean ematen dituzten azalpenak ez direla berme nahikoa, eta Auzitegi Gorenak berak ere onartu du hori.
Amaitzeko, hona hemen sozialistek sustatutako eta aho batez onetsitako ekimena:
1. Eusko Legebiltzarrak ekintza ekonomiko eta finantzario neurrigabe guztiak errefusatzen ditu eta finantza-entitateei eskatzen die ofizioz hipoteka-kontratuetatik gehiegizko baldintza guztiak ken ditzatela, batez ere “zorua baldintza” izenekoa. Gainera, oraindik aurrera kontsumitzaile eta erabiltzaileekin hipoteka-maileguko kontratuetan ez erabiltzeko ere eskatu die.
2. Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio finantza-entitateen gehiegizko baldintzak salatzen dituzten pertsonen esku jar ditzala Kontsumobidek dituen lege bitarteko eta babes guztiak.
3. Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio Autonomia Erkidegoan lan egiten duten kreditu-entitateak ikuskatzeko plan bat premian egin eta abian jar dezala, gehiegizko baldintzen erabilera antzeman eta zigortzeko. Gainera, hiru hilabeteko epean, plan horren emaitzak Legebiltzarrera bidaltzeko eskatu dio.