PSE-EEk ohartarazi du arriskutsua dela fundamentalismo hutsagatik euskararen inguruko adostasunak haustea
EAJk eta Bilduk hizkuntza-gatazka bat sortzeko garrantzi txikiagoko gai bat erabili dutela azaldu du
![Euskal Sozialistak Legebiltzar Taldea. [Argazkia: Euskal Sozialistak]](/upload/foto-original-El-Grupo-parlamentario-Socialistas-Vascos-Foto-Socialistas-Vascos-Euskal-Sozialistak-Legebiltzar-Taldea-Argazkia-Euskal-Sozialistak-54f9a5ef5b6f3.jpg)
PSE-EEk gaur ohartarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak bide “arduragabean" sartuko da “hizkuntza-bakea arriskuan jarri nahi badu", eta EAJri eta EH-Bilduri eskatu die , 82. urteko Normalkuntzarako Legearen ituna hautsi nahi badute (eta sozialistok aktiboki hartu zuten parte aipatutako itunean), “berariaz egin dezatela eta Legebiltzarrean proposatu dezatela”, eta ez Udalen Legearen artikulu baten bidez, astelehenean Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak iragarri zuen bezala.
Legebiltzarkide sozialista Vicente Reyesek Legebiltzarreko Osoko Bilkuran kritikatu du alderdi nazionalistek udalerri talde txiki baten (UEMA) eta Gobernuko ordezkariaren arteko auzia euskararen aurkako kanpaina bihurtu nahi dutela; izan ere, udal aktak euskaraz baino ez dituztelako bidaltzen sortu da auzia, eta horrek ez du eragina herritarrengan. Hori dela eta, ohartarazi du batzuek garrantzirik gabeko gatazka hori erabil dezakete Udalen Legearen bidez 82ko Legearen oinarri izan ziren oinarrizko akordioak aldatzeko. “Indarrean dagoen Legeak argi finkatzen du herritarrek hizkuntza aukeratzeko eskubidea dutela administrazioetan aritzeko, eta Herri Administrazioei exijitzen die ekitaldietan, ebazpenetan eta agiri ofizialetan hizkuntza ofizial biak aldi berean erabiltzeko”, aldeztu du PSE-EEk.
Sozialistek aipatutako legea ona dela berretsi dute, “izan ere, euskararen erabilera bermatu zuen 80ko hamarkadan genuen egoera soziolinguistikoan baino eremu zabalago batean”. Horri esker, gauza asko bete ez badira ere, Herri Administrazioetan kalean baino gehiago erabiltzen da euskara. Baina Vicente Reyesek EAJren eta EH-Bilduren jarrera "fundamentalista" kritikatu du, ondoko aitzakia erabili baitute: komunikazioetan hizkuntza ofizialak erabiltzeko orduan administrazioek dituzten betebeharren inguruan interpretazio-zulo bat dagoela, eta “borondatea jarri nahi dute adostasunaren aurretik”.
Horregatik, egungo eztabaidatik haratago, PSE-EEren ustez “euskararen oinarrizko arauaren inguruan lortutako itunetik ihes egin nahi dute, baina ez dute Legea aldatu nahi dutela berariaz esan”. “Politikaren eremuan hori onartezina da guretzat, itun horren ezinbesteko aldetako bat izan baikinen. EAJren gobernuak ituna bertan behera utzi nahi badu, aldatu nahi badu edo beste bat egin nahi badu, Legebiltzarrera ekar dezaten eta orduan horren inguruan eztabaidatuko dugu. Baina ezin dute ezkutuan egin Udalen Legearen bidez”.
Vicente Reyesek bereziki kritikatu du garrantzi txikiko gai bat erabili dutela orain arte ondo funtzionatu duen itun bat zalantzan jartzeko, eta bide horrek dituen arriskuaz ohartarazi du, "hizkuntza-bakera arriskuan jartzen baitu". “Gatazka sortzen duten jarrera mugiezinetatik aldenduko gara. Euskadiko Herri Administrazioekiko harremanetan, denok hizkuntza bien izaera ofiziala onartzea nahi dugu, baina, bermatu beharko da, aldi berean, herritarrenganako harremanetan —ordezkari politikoak barne— ez dezatela euren hizkuntzan agiriak eskatu behar izanik, batez ere, zenbait lekutan horrek jendaurrean markatzea ekartzen badu", azaldu du.